Ekonomia -
Elkarrizketa telebistan
Sarkozyk zergak igoko ditu, nahiz eta Europa 'egonkortu' dela esan
Hauteskundeetarako hiru hilabete eskas falta direnean, BEZ 1,6 puntu igo eta 35 orduko lan-astea kenduko duen negoziazioa iragarri ditu.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak zergak igoko dituela iragarri du. Presidentearen hitzetan, krisi ekonomikoa "oso larria" izaten jarraitzen du, baina azken aldian hartutako neurriei esker Europak "arriskuan" egoetari utzi dio.
"Hartutako neurriek gauzak egonkortu dituzte. Munduko eta Europako finantza egonkortasunaren oinarriak ezarri ditugu, esan du audientzia handiko orduan bederatzi telebista kateetan emandako elkarrizketan.
Sarkozyren ustez, Frantziak ez du behar aurrezteko beste planik, "ondo bidean doalako", baina erreformak iragarri ditu "hazkundea zentimorik gastatu gabe bermatzeko", izan ere, Frantziak, "ezin die horrelako gastuei aurre egin".
Neurri berriei dagokienez, Frantziako presidenteak BEZ 1,6 puntuan igoko duela iragarri du, % 19,6tik % 21,2ra. Igoera horrek Frantziako zein atzerriko produktu eta zerbitzuei eragingo die.
Horrez gain, astelehenetik aurrera "lehiakortasun kontratua" ezartzeko negoziazioak hasiko dituela esan du. Erabaki horrek 35 orduko lan-astearen amaiera ekarriko du.
% 5,3ko defizita
Sarkozyren arabera, Frantziako defizita Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 5,4ean dago "edo baliteke % 5,3an egotea", hau da, aurreikuspenek esandakoa baino hiru eta lau hamarren baxuago.
Gainera, finantza-transakzioei abuztutik aurrera % 0,1eko tasa ezarriko diela iragarri du.
Frantziako hedabideek diotenez, elkarrizketa horrekin Sarkozyk presidente "ausarta"ren irudia eman nahi izan du, bere legealdiaren amaieran, eta hauteskundeetarako hiru hilabete eskasen faltan, erreforma polemikoak iragartzeko beldurrik ez duena.