Itxi

2021/08/06

18:33

Ekonomia

Erosteko Eskaintza Publikoa

MasMovilek Euskalteleko kotizazioa abuztuaren 17tik bertan behera uztea eskatu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Halaber, kontrolpean ez dituen akzioen nahitaezko salmenta gauzatuko duela iragarri du. Eusko Jaurlaritzak esan du enpresarekin lan egingo duela Erosteko Eskaintza Publikoan hartutako konpromisoak bete ditzan; tartean, Euskaltelen egoitzak Euskadin jarraitzea.

  • Bi herritar, Euskaltelen egoitzaren aurrean

    Bi herritar, Euskaltelen egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Kaixo Telecomek, hau da, MasMovilek Euskaltelen Erosteko Eskaintza Publikoa bideratzeko baliatu duen sozietateak, iragarri du nahitaezko salmenta gauzatzeko aukera erabiliko duela, kontrolpean ez dituen Euskalteleko akzioak (% 2,33 dira) erostea helburu; halaber, eskatu ere eskatu du Euskaltelen Burtsako kotizazioa abuztuaren 17tik geratzea bertan behera. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak adierazi du enpresarekin lan egingo duela, eragiketan hartutako konpromisoak bete ditzan; tartean, Jaurlaritzak berak nabarmendu duenez, Euskaltelen egoitzak Euskadin jarraitzea.

Erosteko Eskaintza Publikoaren epea aurreko ostiralean amaitu zen, eta Euskalteleko akziodunen % 97,66k parte hartu zuten; hala, MasMovil operadorearen jabe eztabaidaezin kokatu da. Orain, iragarrita zuenez, Euskaltelen jabe berriak aukera hori baliatuko du; asmoa da konpainia erabat kontrolatzea Burtsatik at utzi aurretik, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dioenez.

Hala, ekimena abiatu du; abuztuaren 27rako, soberakinean dauden akzioak bereganatuko ditu. Kapitaleko % 2,34 dira, eta, Erosteko Eskaintza Publikoan bezala, 11 euroko prezioa izango dute.

"Nahitaezko salmenta modu zuzenean gauzatu eta likidatzeko, sozietate eskaintzaileak eskatuko dio Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari Euskalteleko akzioen negoziazioa bertan behera uztea, Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako eta Bilboko Burtsetan, 2021eko abuztuaren 17ko merkatua itxita; halaber, eskatuko dio Euskaltelen akzioen kotizazioa bertan behera uztea une horretatik negoziazioaren behin betiko esklusioa burutu arte", esan du enpresak.

Sozietateak gogora ekarri du, halaber, nahitaezko salmenta egotekotan transakzio-gastuak bere gain hartu beharko dituela; erosketa gauzatzera behartu beharko balute, aldiz, akziodunaren kontura leudeke gastu horiek.

Euskaltelen akzioen kotizazioaren esklusioa nahitaezko salerosketaren eragiketa gauzatuta egingo da.

Euskaltelen egoitzak Euskadin jarraitzeko lan egingo du Eusko Jaurlaritzak

Testuinguru horretan, Bingen Zupiria bozeramaileak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak lan egingo duela talde berriarekin Erosteko Eskaintza Publikoan hitzartutako konpromisoak bete ditzan; horrela, "egoitza fiskalak eta sozialak Euskadin jarraituko lukete, bai eta produkzio-egitura eta erabakiak hartzeko gunea ere".

Ildo horretan, Zupiriak nabarmendu du Jaurlaritzak helburu eta konpromiso horiek betetzeko lan egingo duela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;