Ekonomia -
Adegiko datuak
Gipuzkoa atzeraldian sartuko da 2012an eta 1.300 lanpostu galduko ditu
Adegik aurreikusitakoaren arabera, 2.800 lanpostu galduko dira Gipuzkoan eta beste 1.500 sortuko dira. Enplegu gehien eraikuntzan eta industrian galduko dira.
Erredakzioa
Gipuzkoa atzeraldian sartuko da 2012. urtean, Adegi patronalak aurreikusitakoaren arabera. Horrez gain, Barne Produktu Gordina % 0,5 jaitsiko da, Lurralde Historikoak 1.300 enplegu galduko ditu eta enpresen % 5a ixteko arriskuan egongo dira.
Eduardo Zubiaurre Gipuzkoako patronalaren presidenteak adierazi duenez, 2012 oso urte "gogorra" izango da, krisia hasi zenetik "gogorrena". "Alarma guztiak piztu dira", esan du Donostian egin duen agerraldian.
"Alor askotan" ikusiko dira krisi ekonomikoaren ondoriorik "latzenak", Zubiaurreren hitzetan, baina batez ere industrian eta eraikuntzan galduko den enplegu kopuruan.
Adegik aurreikusitakoaren arabera, 2.800 lanpostu galduko dira Gipuzkoan eta beste 1.500 sortuko dira. Enplegu gehien eraikuntzan eta industrian galduko dira.
Horrez gain, egungo egoera ikusita (inbertsio eta finantziazio gutxiago), baliteke Gipuzkoako enpresen % 5a ixteko arriskuan egotea.
2012. urtean Enplegu Erregulazio Espedientea edota hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuko duten enpresen kopurua oso altua izango dela ohartarazi du Gipuzkoako patronalak.