Ekonomia -

Zerga sistema

EAEko zerga-bilketa % 24,6 igo da uztailera arte, 2019ko diru-sarrera berdinduz

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ogasunek 8.520,6 milioi euro bildu dituzte 2021eko urtarrila eta uztaila bitartean.

Arabako Foru Ogasunaren egoitza. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Arabako Foru Ogasunaren egoitza
Arabako Foru Ogasunaren egoitza. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunek 8.520,6 milioi euro bildu dituzte zerga bidez 2021eko uztailera arte, iaz baino % 24,6 gehiago. 2020ko bilketa nabarmen hobetzeaz gain, 2019koekin—pandemia aurrekoekin— alderatu daitezke datuok.

Bada, 2019ko uztailera arte 8.529,6 milioi jaso zituzten ogasunek, aurten baino 9 milioi gehiago.

2020an, zerga-bilketaren bidez bildutakoak behera egin zuen, koronabirusaren pandemiak ekonomian izandako eraginaren ondorioz; izan ere, diputazioek zerga sistema moldatu zuten, ordaindu beharreko errenta aitorpenak atzeratzea erabakita kasu, krisi ekonomikoa arintzeko.

Hiru lurraldeetan egin du gora bilketak, baina Gipuzkoan nabaritu da gehien, % 34,7 gehiago bildu baitute bertan. Bizkaian, % 21,1 egin du gora bilketak, eta Araban, % 20,5.

Arabako Foru Ogasunak 1.106 milioi euroko sarrerak izan ditu uztailera arte. Bizkaian, 4.947,6 milioi euro bildu dituzte, 2020an baino 862,4 milioi gehiago, eta Gipuzkoan, berriz, 2.467 milioiko bilketa egin dute, diru-kutxan iaz baino 646 milioi gehiago sartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa