Itxi

2021/08/20

13:22

Ekonomia

TURISMOA

Uztailean % 62,5 hazi da turisten kopurua EAEko hoteletan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Kopuru hori 2019ko datuak (pandemiaren aurrekoak) baino % 10,9 baxuagoak dira oraindik. Sarreren % 67 estatukoak dira eta Donostia da okupazio maila altuena duen hiriburua, % 69koarekin.

1:24
Turistak Donostian. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoko hoteletan 292.165 turista izan ziren uztailean, hau da, 2020an baino % 62,5 gehiago, nahiz eta 2019ko pandemiaren aurretik baino % 10,9 gutxiago izan.

Euskal Estatistika Erakundeak uztaileko hoteletako turismoari buruzko datuak eman ditu, eta sektorea suspertu egin dela esan du: 568.447 ostatu-gau izan ziren, 2020an baino % 67 gehiago.

Plazen araberako okupazio-maila handiena izan duen hiriburua Donostia izan da (% 69,2), eta Gasteiz (% 53,9) eta Bilbo (% 53,7) daude zerrendan jarraian.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak adierazi duenez, turismoaren sektoreko adierazle guztiek erakusten dute gauzak espero baino hobeto doazela, 2020ko datuak hobetzen ari direla pandemiaren aurreko kopuruetara iritsi gabe (328.082 turista sartu ziren 2019an), baina gertu egongo da.

Horrez gain, abuztuan datuak onak izatea espero dutela esan du: "Abuztuko lehen 10 egunetan bisiten kopurua % 50 igo da 2020ko epe berarekin alderatuta".

Hurtadoren hitzetan, nazioarteko mugikortasunaren mugak direla eta, Espainiako Estatuko turisten etorrera nagusitzen ari da, eta Euskadik duen fidelizazio-tasa handia azpimarratu du; izan ere, iristen direnen % 40k diote EAEk euren aurreikuspenak gainditu dituela, eta "baliteke errepikatzea" esaten dute askok. 

Turisten etorrerak eta gaualdiek hobera egin dute

Iazko ekaineko datuekin alderatuta, sarrerak % 69,8 igo ziren, eta gaualdiak % 83,6; horrek erakusten duenez, "Euskadiko hotel-sektorearen susperraldiak jarraitzen du", Eustaten arabera.

Araban, 43.283 sarrera (% 94,2 gehiago) eta 76.043 ostatu-gau (% 88,8 gehiago) erregistratu zituzten; Bizkaian, sarrerak 123.356 izan dira (% 89,7 gehiago) eta ostatu-gauak 237.397 (% 86,6 gehiago); eta Gipuzkoan, berriz, 125.526 sarrera (% 35,7 gehiago) eta 255.007 ostatu-gau (% 47,5 gehiago). Hazkunde-tasa horiek beste bi lurraldeetan baino apalagoak dira, Gipuzkoan lortu baitziren daturik onenak 2020ko uztailean. 

Bidaiarien jatorriari dagokionez, Espainiako Estatukoak % 67 izan ziren eta atzerritarrak % 33.

Atzerriko sarrerak eta ostatu-gauak nabarmen igo dira 2020ko uztaileko datuekin alderatuta, % 59,8 eta % 69,4 egin baitute gora, hurrenez hurren.

Guztira, 66 ostatu itxita egon ziren uztail osoan (10 Araban, 26 Bizkaian eta 30 Gipuzkoan), aurreko hilean (91) eta iaz (109) baino gutxiago.

Batez besteko egonaldia 1,95 egunekoa izan da, eta iazko uztailean 1,89 egunekoa izan zen. Espainiako Estatuko turistena handiagoa izan zen (2 egun), baina urtetik urterako konparazioan gehiago hazi da atzerriko jatorriko pertsonen batez besteko egonaldia, 2020ko uztailean 1,72 egun izatetik uztailean 1,83 izatera igaro baita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;