Ekonomia -

lana

Zamudioko enpresa bateko jabea atxilotu dute langileak esplotatzeagatik

Langileek salatu zuten kontraturik ez zutela eta, noizean behin, 26 orduko lanaldia eginarazten ziela, goizeko 07:00etatik hurrengo eguneko 09:00ak arte.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak enpresaburu bat atxilotu du Zamudioko lantegi batean bere beharginak esplotatzeagatik. Nagusiak "maratoi" bat deitzen zuena agintzen zien tarteka: 26 ordu jarraian lan egitea, alegia, goizeko 07:00etatik hurrengo eguneko goizeko 09:00etara.

Gobernuaren Ordezkaritzak asteazken honetan jakitera eman duenez, abuztuaren 17an atxilotu zuten ugazaba. Operazioa aurreko egunetan hasi zen, hainbat langilek beren borondatez salatu zutenean Bilboko Polizia Nazionalaren komisarian esplotatuak zeudela.

Biktima horiek kontatutako gertakarien larritasuna eta egiazkotasuna ikurik, ikertzaileek lekuko babestuen izaera onartu zieten.

Langileek esan zutenez, nagusiak ez zien inolako kontraturik egin egoitza-baimenik ez zeukatelako, eta bost euroko soldata jasotzen zutela lan egindako ordu bakoitzeko.

Kontatu zutenez, lanean istripuren bat jasan izan eta medikutara joan behar zutenean, jabeak debekatu egiten zien enpresaren izena edo mina non hartu zuten esatea. 

Gainera, "maratoia" egin behar zenean, 26 orduz jarraian egiten zuten lan, ordubete baino ez zuten jateko eta gau osoa eraikin barruan itxita eman behar izaten zuten. 

Horregatik guztiagatik, Bilboko Atzerritarren eta Mugen Brigadako agenteek eta Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako funtzionarioek Zamudioko Ugaldeguren industrialdean kokatutako enpresa ikuskatu zuten eta zortzi langile identifikatu zituzten barruan.

Horietatik lau bizileku- eta lan-baimenik gabe zeuden, eta, beraz, ugazaba atxilotu egin zuten. 

Enpresaburua aske geratu da polizia-etxean deklaratu ostean, eta auzia instruitzen ari den epaitegian aurkeztu beharko du.

Langileen eskubideen aurkako ustezko delitu bat egotzi diote, eta, gainera, 70.000 eurotik gorako zigor ekonomikoa jaso dezake, lan-arloko eta Gizarte Segurantzako legedia urratzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Delituak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Enpresaburuak Merkataritza