Ekonomia -
INDUSTRIA
Zumarragako lantegiaren lurren zati bat erosiko dio Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittali
Bi aldeek 7 milioi euroko salerosketa aurre-akordioa itxi dute. Altzairutegiak 2016an utzi zion jarduerari. Sprilur arduratuko da eremuaren leheneratzeaz eta zehazteke dauden jarduera ekonomiko berrietarako egokitzeaz.
Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, eta ArcelorMittal enpresak aurreakordio bat lortu dute enpresak Zumarragan, Urola Garaian, duen eta 2016tik jarduerarik ez duen lantegiaren lursailen zati bat Jaurlaritzak erosteko.
Zazpi milioi euroko prezioa adostu dute salerosketarako, tasazio-balioak kendu ondoren. Akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritza arduratuko da deskontaminazio-lanez, bai eta bere garaian lantegi azpira eramandako ibaiaren zati bat aire zabalera ateratzeko jarduerez ere; URA Agentziak hartuko du bere gain lan horren ardura.
Zumarragako 15 hektareako eremu bat da, bertan, alde batetik, ijezketa-trenak zeuden eta, bestetik, orain arte txatarra biltegia izan dena, azken hori beste leku batean kokatuko da.
Eusko Jaurlaritzak berroneratze-politiken esparruan kokatzen du Sprilurren bitartez egingo den operazioa. Salerosketa-akordio formala irailean egitea aurreikusten da eta, horren arabera, 2021eko urritik aurrera aktibatuko litzateke instalazioak desegiteko prozesua, bertan dauden eraikinak eraisteko dagokion tramitazioa barne dela, bai eta lurzorua deskontaminatzeko esku hartzea eta ibaia aire zabalera ateratzeko jarduketa ere.
Horrez gainera, aurrera begira bertan jarduera ekonomiko bat garatzeko aukera bat izateaz gainera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ingurumen-jarduera bikoitza ahalbidetuko du: lurzoruaren deskontaminazioa eta ibaiaren zati bat aire zabalera ateratzeko jarduketa, URA agentziak bere gain hartuko duena.