Ekonomia -

Elkarrizketa

EAJk Jaurlaritzarekin 'lankidetza instituzionala' abiatzea espero du

Andoni Ortuzarrek esan du EAJk kolaborazioa eskainiko duela Euskal Finantzen Kontseiluak arratsaldean egingo duen bileran.

Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidentea. EITB
Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidentea. EITB
Ortuzar: Finantzen Kontseilua, lan erreforma eta ETAren indarkeriaren amaiera

03:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidenteak adierazi duenez, Euskal Finantzen Kontseiluak arratsaldean egingo duen bileran Eusko Jaurlaritzarekin "lankidetza instituzionala" abiatzea espero dute.

Hori helburu, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak kolaborazioa eskainiko duela nabarmendu du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan du Bizkaiko Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek elkar agurtuko dutela, "EAJk badakielako ezberdintzen lehia politikoa eta kargudunek defendatu behar dituzten kontuak".

Bere esanetan, EAJk bi aste daramatza Jaurlaritzari lankidetza eskaintzen, "denon artean herrialdea egoera konplexu honetatik aterarazteko".

Lan erreforma

Bestalde, buruzagi jeltzaleak iragarri du EAJk lan erreformaren aurrean izango duen jarrera EAEko negoziazio esparruari eta "malgu-segurtasuna"ri buruz lor litezkeen akordioen araberakoa izango dela.

Ortuzarrek azaldu du une honetan EAJ "baietzetik oso urrun" dagoela, baina azken jarrera PPrekin abiatuko dituzten negoziazioen ostean erabakiko dutela.

Kongresuko izapideetan, EAJren helburua EAEko negoziazio esparrua salbatzea eta "malgu-segurtasuna" gaineratzea izango da. "Malgu-segurtasuna" Europako iparraldeko herrialdeetan abiatu zuten eredu bat da. Horretan, enpresek malgutasuna daukate, baina, trukean, kaleratzeak "salbuespenak" dira.

Ortuzarrek iritzi dio lan erreforma "beharrezkoa" dela, gaur egungo eredua "frankismo garatik" baitator, eta ez duelako balio enplegua sortzeko. Dela dena, Espainiako Gobernua "beste muturrera" pasatu dela salatu du.

Indarkeriaren amaiera

ETAren indarkeriaren amaierari buruz, Ortuzarrek esan du ezker abertzaleak "demokratizazio" prozesua abiatu eta terrorismoak egindako kaltea aitortu behar duela.

Hori horrela, ezker abertzaleak Bizkaiko hainbat udaletan duen jarrera salatu du.

Besteak beste, beste alderdietako zinegotziei txistu egin dietela eta udal-areto asko militantez betetzen dituztela aipatu du.

Ortuzar prest agertu da PPrekin eta PSErekin itun bat adosteko, Antonio Basagoitik proposatu bezala, betiere ezker abertzalea bakartzen ez badute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea