Ekonomia -

Bilerak

Mendiak "kohesio sozialean" oinarritutako eraldaketa aldarrikatu du, gizarte-eragileekin bildu ostean

Zehazki, Confebask patronaleko eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek parte hartu dute bileretan. Enpleguaren gaur egungo egoera aztertu dute, baita azken hilabeteetako joera ere.

Idoia Mendiak gizarte-eragileetako ordezkariekin egindako bileretako bat. Argazkia: @IdoiaMendia
Idoia Mendiak gizarte-eragileetako ordezkariekin egindako bileretako bat. Argazkia: @IdoiaMendia
Idoia Mendiak gizarte-eragileetako ordezkariekin egindako bileretako bat. Argazkia: @IdoiaMendia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren "erresistentzia fasea" gainditu ostean," lehiakortasunean eta kohesio sozialean" oinarritutako eraldaketa aro berri batera igarotzeko deia egin du Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak ostiral honetan.

Hain zuzen ere, gizarte-eragileekin egindako bileren ostean egin ditu adierazpen horiek Mendiak. Azken bi egunotan izandako elkarrizketa horietan, enpleguaren gaur egungo egoera aztertu dute, baita azken hilabeteetako joera eta etorkizunean egon daitezkeen aukera berriak.

Testuinguru horretan, gizarte-eragileekin egindako topaketek, enpleguaren eta horren kalitatearen egungo egoera aztertzeko "elkarrizketa argiak" ahalbidetu dituztela nabarmendu du bigarren lehendakariordeak. Mendiarekin batera, Elena Perez Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea eta Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordea izan dira.

Halaber, Confebask patronaleko eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek parte hartu dute bileretan. Ildo horretatik, "modu iraunkorrean" ateak zabalik mantentzeko "borondatea" adierazi die Lan eta Enplegu sailburuak enpresen zein langileen ordezkariei.

Egunotan izandako bileretan, enpleguaren bilakaera jorratu dute, iazko irailetik langabezia-tasak etengabe behera egin baitu. Alabaina, krisi honen aurreko ahultasun gehienek aldaketarik gabe jarraitzen dute, adibidez, behin-behinekotasuna, langabeziaren kronifikazioa eta gazteek zein emakumeek kalitatezko lan-aukera egonkorrak topatzeko dituzten zailtasunak.

Mendiak, enpresen eta sindikatuen arteko negoziazioa eta akordioa aldarrikatu ditu, lan-gatazkak ez judizializatzeko eta auzitegiek "epai kontrajarriak" emateko aukera saihesteko.

Gizarte-eragileen erreakzioak

Testuinguru horretan, CCOO sindikatuak "prekarietatearekin eta lan-ezbeharrekin amaitzeko" neurriak ezartzeko "beharra" azpimarratu du. Gainera, elkarrizketa sozialari "bultzada" eman behar zaiola esan du, "langileentzat ahalik eta lasterren baliagarriak izango diren akordioak lortuz". Lan-istripuen inguruan ere hitz egin dute, besteak beste.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak patronalarekin "konplizitatea" duela esan dio LABek Mendiari, eta hainbat gaitan "jardun falta" egotzi dio. Hala, sindikatuak uste du Jaurlaritzak "kriminalizatu" egin dituela "dauden eta beren lanpostuen defentsan jardun duten langileak". LABek, azkenaldian nabarmen ugaritu diren lan-istripuak eta heriotzak ere salatu ditu.

Era berean, Jaurlaritzak gai askotan ez duela "ezer egin" aurpegiratu dio ELAk Mendiari, besteak beste, lan-istripuen gorakadari aurre egiteko, gizarte-prestazioen murrizketen aurrean edota lan-gatazketan. Hala, Jaurlaritza automatikoki enpresetako zuzendaritzen interesekin bat egiten duela gaineratu du ELAk. Sindikatuaren iritziz, beraz, horrek guztiak, "patronalak bultzatzen dituen soldata jaitsierekin batera, elkarrizketa sozialerako mahaia fartsa bihurtzen du".

Confebasken kezkak

Confebaskeko ordezkariak, berriz, kezkatuta agertu dira hainbat enpresak aurkeztutako lan-enplegu erregulazioak bidegabeak eta baliogabeak direla ebatzi duten epaiekin, eta Euskadin dagoen absentismo "handiarekin". Gainera, gainbehera demografikoaren erronka eta langileen "beharrezko" kualifikazio eta birkualifikazioaren harira, "arreta berezia" jartzeko eskatu diote Mendiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Eusko Jaurlaritza ELA LAB Confebask Lana Idoia Mendia Salaketak Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Gazteak