Ekonomia -
Finantzen Euskal Kontseilua
Bilbao:'Jaurlaritzari laguntzeko prest gaude, kontuak argitzen baditu'
Jose Luis Bilbao prest agertu da krisia gainditzeko bidean Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko, baina horretarako bere kontuak argitzea exijitu dio. Bizkaiko Diputazioaren egoera ekonomikoa ona da.
Erredakzioa
Bizkaiko Diputazioak positiboan, 27,6 milioi eurorekin, itxi zuen iazko aurrekontua, Jose Luis Bilbaok jakitera eman duenez. Bilbaok Bizkaiko Diputazioa gehiago "ez xaxatzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, baina, aldi berean, krisi ekonomikoari aurre egiteko elkarlanean aritzeko prest dagoela jakinarazi dio.
Hala ere, "elkarlanean hasi ahal izateko, Jaurlaritzak bere egoera ekonomikoa zein den argitu behar du", azpimarratu du Jose Luis Bilbaok Finantzen Euskal Kontseiluak egindako bileraren inguruko iritzia emateko egin duen agerraldian.
Bizkaiko aurrekontuak "benetakoak eta makillajerik gabekoak" direla esan ostean, gainerako erakundeei gauza bera egiteko dei egin die.
Diputazioaren kontuak "osasuntsu" daudela eta "positiboak" direla ere nabarmendu du. 2011ko aurrekontuak "errealitateari lotutakoak" direla eta "aldaketarik edo murrizketarik" beharko ez dutela azaldu du.
Adibide moduan, gaur goizean Bizkaiko Diputazioaren altxortegian 492, 8 milioi euro daudela eta iazko agintaldiaren itxieran zorra 1.161 milioi eurokoa zela adierazi du, araudiaren arabera gehienezko zorra 1.200 milioikoa dela gogoratu aurretik.
Kritikak Eusko Jaurlaritzari
Bestalde, Jose Luis Bilbaok "kontraesanez betetako mezuak" zabaltzea leporatu dio Jaurlaritzari eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren dei bat jaso zuela aireratu du. "Estututa deitu zidan eta, Carlos Aguirrerekin batera, bilera bat egiteko proposamena luzatu zidan, baina azkenean batzar hori ez zen egin. Orduan, zertarako deitu zidaten?", kritikatu du.
Gauzak horrela, Jaurlaritzak bere egoera ekonomikoa zein den berehala argitu behar duela nabarmendu du, eta egoera horren larria bada, "gu laguntzeko prest gaude", gaineratu du.
Amaitzeko, Jose Luis Bilbaok zehaztu du "elkarlana" eskaintzeak ez duela esan nahi zergak igotzeko prest daudela.