Ekonomia -
TRAFIKOA
Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu errepideko biktimak % 50 murrizteko
Jaurlaritzak tresna teknologiko berriak bultzatuko ditu errepideak seguruagoak izan daitezen, 2030erako hildakoen eta larri zauritutakoen kopurua % 50 murrizteko.
N. B. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu 2030erako errepideetan hildakoen eta larri zauritutakoen kopuruak % 50 murrizteko, eta tresna teknologiko berriak bultzatuko ditu horretarako.
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak "Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoa" aurkeztu dute asteazken honetan. Plan horrek Eusko Jaurlaritzaren estrategia zehazten du datozen 4 urteetarako, "EAEko bide-sarearen erabiltzaileen ongizatean eta segurtasunean laguntzeko".
Eusko Jaurlaritzak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, istripuen kopurua murriztea eta Euskadi Europa mailan bide-segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloko erreferente bihurtzea dute helburu.
Hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euro inbertituko ditu urtean plana ezartzen denetik 2025era arte, guztira 50 milioitik gora inbertitzeko. Diru horrekin trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan beharrezkoa den jauzi teknologikoan aurrera egin ahalko da, eta, aurreikuspenen arabera, esaterako, datozen lau urteotan errepideak seguruagoak izaten lagunduko duten tresna berriak ezarri ahalko dira. IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaintzen dituzten aukera guztiak aprobetxatuko dituzte errepideak monitorizatzeko.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du ibilgailuak sailkatzeko eta zenbatzeko ekipamendu berriak instalatzeko proiektua (Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren errepideetan). 400.000 euro bideratuko dituzte horretara, eta trafikoari buruzko datuen kalitatea nahiz kopurua hobetzen lagunduko du. Tratamendurako eta analisirako sistema berriak dira, eta trafikoko ohiko ingeniaritza-teknikak erabiliko dituzte, baita adimen artifizialean oinarritutako teknika berriak ere, trafikoa kudeatzeko planifikazioa hobetu ahal izateko.
Gainera, bide-segurtasuna, trafikoaren arintasuna eta mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzen lan egingo dute, prebentzioan, koordinazioan eta erakundeen eta herritarren erantzukidetasunean oinarrituta.
Hori guztia Nazio Batuen Batzar Nagusiak proposatu zituen eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasota dauden Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokaturik dagoen dokumentuan dago jasota. Halaber, Jaurlaritzak onartutako Segurtasun Publikoaren 2025 Plan Estrategikoan ere ageri da, eta 2020ko otsaileko Stockholmeko Adierazpeneko konpromisoen bideari jarraitzen dio. Sektore eta erakunde guztien ekintza bateratuak planteatzen dira bertan, 2050ean trafiko-istripuen ondorioz hildakorik eta zauritu larririk izan ez dadin.
Istripuen kausak Euskadin
Euskadin 200 pertsona hil ziren istripuen ondorioz 2000. urtean, eta 40-50 hil dira jada 2021ean. EBko herrialdeetako datuekin alderatuta, Euskadi milioi biztanleko trafiko-istripuetan hildakoen edo larri zauritutakoen tasarik txikiena duen Europako herrialdeetako bat da: 23 hildako milioi biztanleko. Suedia da Europan kopururik txikiena duena: 22.
Hildakoak eragiten dituzten istripuen % 70 hiru arrazoi nagusirengatik gertatzen dira: gidatzean arreta galtzeagatik, alkoholaren eta drogen kontsumoagatik eta abiadura desegokiagatik. 5 eta 29 urte bitarteko neska-mutilen eta gazteen heriotzaren arrazoi nagusia dira.
NBEren arabera, 2020 eta 2030 artean 500 milioi hildako eta lesionatu izango dira trafiko-istripuen ondorioz mundu osoan. Datu horien aurrean, nazioarteak istripu-tasa lehen mailako mehatxutzat hartu du pertsonen osotasunerako. Hortik sortu zen "Vision Zero" proposamenaren helburua da 2025era begira zero hildako edo zauritu larri izatea errepideko istripuetan, eta Eusko Jaurlaritzak bere ekintza-planean sartu du proposamen hori.
Berdintasunezko plana eta parte-hartzailea
Eusko Jaurlaritzak genero-ikuspegia kontuan izanda landu du plan hau. Bestalde, parte-hartze handia izan du plana gauzatzeko prozesuak, eta arlo publikoko eta pribatuko hainbat erakunderen ekarpenekin eta laguntzarekin osatu da: trafiko-istripuen biktimak, Bide Segurtasuneko Fiskaltza, Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateak eta Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Gazteria Zuzendaritza, Berdintasun atala, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), etab.