Itxi

2021/09/16

10:49

Ekonomia

Irailetik aurrera

Gobernua eta sindikatuak gutxieneko soldata 15 euro igotzea aztertzen ari dira

Agentziak | EITB Media

Proposamen hori oraindik ez dago erabat itxita, eta sindikatuen babesa izango luke, baina ez patronalarena, igoera horren aurka agertu izan baita.

  • Biltegi bateko artxiboko irudia.

    Biltegi bateko artxiboko irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako Gobernua akordioa sinatzear dago sindikatuekin, lanbide arteko gutxieneko soldataren 14 ordainsariak hilean 15 euro igotzeko, 965 euroraino. Akordioa ixten bada, aurtengo irailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, negoziazioaren berri izan duten iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Cadena Ser irrati kateak aurreratu duenez, oraindik erabat itxi gabe dagoen proposamen horrek sindikatuen babesa izango luke, baina ez patronalarena; izan ere, patronalak uko egin dio egungo egoeran gutxieneko soldata handitzeari.

2020an indarrean zegoen gutxieneko soldata 2021ean luzatzea erabaki zuen iaz Ministroen Kontseiluak patronalarekin eta sindikatuekin negoziatzeko aukera izateko. Ordura arte, lanbide arteko gutxieneko soldata 950 euroan zegoen.

Denborak aurrera egin ahala, Gobernua zatitu egin da berehalako hazkundea eta lasaitasuna eskatzen zutenen artean. Horren aurrean, otsailean, sindikatuak mobilizatzen hasi ziren Gobernuari lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko presioa egiteko; patronalak, berriz, bere horretan jarraitu zuen. Bitartean, Gobernuak aditu talde bat sortu zuen igoera zein izan behar zen aztertzeko, legealdiaren amaieran batez besteko soldataren % 60 lortzeko.

Aditu taldeak ekainean argitaratu zituen ondorioak, eta aurten 12 eta 19 euro arteko igoera gomendatu zuen, 2023an 1.049 eurora iristeko 14 ordainsaritan (% 10,4ko igoera); beraz, indarrean dagoenari 99 euro gehiago gehituko litzaizkioke.

Txosten hori eskuan, Yolanda Diaz Lan ministroak bilera bat eskatu zion Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, soldata baxuenak igotzeko.

Azkenean, baina, datu ekonomikoek eta enplegua hobera egin izanak ahalbidetu du Gobernuak negoziazio-mahaia deitzea igoera patronalarekin eta sindikatuekin adosteko.

CEOEren jarrera mugiezina da, eta, beraz, Gobernuak igoera sindikatuekin bakarrik negoziatzea erabaki du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;