Ekonomia -

Higiezinen sektorea

Evergrande Txinako higiezinen agentzia handia, porrot egiteko zorian

Konpainia handi horren balizko porrotak mundu osoko merkatuetan izan dezake eragina. Horren erakusgarri da Europako burtsek astelehen honetan behera egin izana eta euroak balioa galdu izana.

Evergrande Beijingen eraikitzen ari den etxebizitza bat. Argazkia: EFE
Evergrande Beijingen eraikitzen ari den etxebizitza bat. Argazkia: EFE
Evergrande higiezinen enpresa txinatarraren krisiak munduko ekonomian ondorio larriak izan ditzake

1:27

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Evergrande Txinako higiezinen agentzia handiak 305.000 milioi dolarreko (299.000 milioi euro) zorra dauka eta porrot egiteko zorian dago. Konpainia horrek munduko beste merkatu batzuetan eragina izan dezakeela ohartarazi dute.

Eraikuntza enpresak % 10,63ko beherakada izan du astelehen honetan Hong Kongeko burtsan, 11 urtetan izan duen emaitzarik txarrena.

Evergranderen egoerak Europako burtsetan ere izan du eragina: Londresko burtsak % 0,79ko jaitsiera izan du; Madrilgoak, % 1,2koa; Pariskoak, % 2,31koa; eta Milangoak, % 2,57koa.

Horrez gain, euroaren balioa 1,17 dolarreraino murriztu da astelehen honetan.

Etxebizitzak eraikitzeko proiektu berriak ordaintzerakoan eta negozioa beste sektore batzuetara zabaltzerakoan (osasun zerbitzuei, ibilgailu elektrikoei nahiz kirolari lotutakoak) pilatu zaizkio zorrak.    

Alabaina, bi izan daitezke konpainiaren etorkizuna kolokan jarri duten arrazoi nagusiak: urte hasieratik etxebizitza berrien salmentak Txinan izan duen beherakada eta Pekingo Gobernuak sektore horretan espekulazioarekin amaitzeko egin duen araudi berria.

Joan den abenduan, etxebizitzaren prezioaren gorakada gelditzeko asmoz, Gobernuak neurri berriak hartu zituen, besteak beste, higiezinen agentzia handiei maileguak ematea mugatuta.  

2020ko uztailetik, araudi berriaren ondorioz eta irabazien beherakadaren eraginez, Evergranderen akzioen balioa % 84 jaitsi da Hong Kongeko burtsan.

Higiezinen sektorea Txinako hazkunde ekonomikoaren oinarrietako bat izan da azken hamarkadetan. Estatistika Bulegoaren arabera, herrialde horretako Barne Produktu Gordinaren % 7,5 da.

Halere, joan den uztailean, Hang Zheng lehen presidenteorde txinatarrak azpimarratu zuen sektore horretan aldaketak egingo zituztela, "etxebizitza publikoen alokairua bultzatzeko" eta etxebizitzen eraikuntza "ekonomia epe laburrean suspertzeko erabiltzea saihesteko".

Testuinguru honetan, Evergrandek hainbat proiektu bertan behera utzi ditu. Orain porrota ekiditea da enpresaren lehentasuna, eta horretarako likidezia lortzeko eta ordainketak atzeratzeko negoziazioetan ari dira.

Hui Ka-yan Evergrande agentzia sortzaileak duela gutxi aitortu zuen litekeena dela zorrak ordaintzeko ahalmenik ez izatea eta, beraz, hartzekodunek auzitara jotzea.

Evergrande enpresak 120.000 langile dauzka, eta horren porrotak, Asiako merkatuan ez ezik, munduko gainerako merkatuetan ere izango du eragina, adituen iritzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa Merkataritza Asia Etxebizitza