Ekonomia -
ELA-LABek deitutako greba
Euskadiko UGTk bazkideei galdetuko die grebarekin bat egin ala ez
Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia "pozik" azaldu da CCOO eta UGT sindikatuek lan erreformaren aurka deituriko manifestazioen partaidetzagatik.
Erredakzioa
Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak lan erreformaren aurka egiteko batasun sindikala lortzeko nahia azaldu du, eta horregatik, bazkideen artean galdetuko du ELA eta LAB sindikatuek deitu duten greba orokorrarekinbat egin nahi al duten ala ez.
Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Casado "oso pozik" azaldu da CCOO eta UGT sindikatuek asteburuan lan erreformaren aurka deituriko manifestazioen partaidetzagatik.
ELAk eta LABek martxoaren 29rako egin duten greba deialdia CCOO eta UGT sindikatuekin negoziatu gabe egin dutela kritikatu du. Gobernuaren erabakiak Estatu osoari kalte egiten diola adierazi du, eta horregatik, bere ustez erantzunak "bateratua" izan behar du.
Bere sindikatua "batasuna lortzeko irekita dago", "langileen onurarako", eta bi asteren baitan UGTk deialdi horrekin bat egingo duen ala ez erabakiko duela esan du.
Euskadin aurretik egin diren greba-egunak esperientzia "negatiboak" izan direla adierazi du, "sindikatuen zatiketaren ondorioz" langileek ez zutelako bat egin.
ELAren jarrera kritikatu du Casadok, "beste sindikatuekin hitz egiteko prest ez dagoelako, baina euren ardura da, eta horrek euskal langileekiko eragin kaltegarria du".
Euskal sindikatuen zatiketak "hitzarmen kolektiboen negoziazioari kalte" egiten diola ohartarazi du. "Gakoa" sindikatuen eta Confebasken arteko negoziazioa da orain, akordio berririk lortu ezean, lan erreforma berriak "akabatu" egiten dituelako eta gutxieneko soldata ezartzen duelako.