Ekonomia -

Enplegua sortzeko ekimena EAEn

Langabeziaren aurkako plana abian, 321 milioi euroko aurrekontuarekin

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta UGT eta CCOO sindikatuek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian adostutako hitzarmena sinatu dute goizean.

Lehendakaria, Unai Sordo, Damaso Casado, Gemma Zabaleta eta Nuria Lopez de Guereñu alboan dituela.
Lehendakaria, Unai Sordo, Damaso Casado, Gemma Zabaleta eta Nuria Lopez de Guereñu alboan dituela.
321 milioi euro, enplegua sortzeko euskal planerako

01:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abian da langabeziari aurre egiteko eta enplegua sortzeko 2012rako euskal plana. Egitasmoak 321 milioi euroko aurrekontua izango du. Hitzarmena Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta UGT eta CCOO sindikatuek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian adostu dute. Goizean egin dute sinadura-ekitaldia eta bertan izan dira Patxi Lopez lehendakaria, Gemma Zabaleta Lan sailburua, Nuria Lopez de Guereñu Confebaskeko idazkari nagusia eta Damaso Casado eta Unai Sordo UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiak, hurrenez hurren.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia Patxi Lopezek jarri zuen martxan lehendakari kargua hartu ostean eta bertan ELA eta LAB sindikatuek ez dute ordezkaritzarik. Akordio honek, besteak beste, lanbide heziketa bultzatzearen garrantzia eta enplegua ekintzaileen bitartez sortzearen garrantzia azpimarratzen ditu.

Lehendakariak esan du Jaurlaritzak ez duela asmorik aurten murrizketa gehiago egiteko eta, nolanahi ere, langabeziaren kontrako planari zuzendutako aurrekontua "blindatuta" egongo dela azpimarratu du.

Hitzarmen honek zenbait erraztasun eskaintzen ditu lanbide heziketa egin nahi duten langile eta ikasleentzat, hala nola, kurtso bat osorik egiteko zailtasunak dituztenei kurtsoaren zati bat egitea ahalbidetzen die eta lanbide heziketako kurtsoak Internet bidez egiteko aukera ere ematen du. Lanbide heziketako edo unibertsitateko tituludunak nazioartera joateko aukerak zabaltzea ere bultzatuko du, etorkizunean enplegua lortzeko beta handiagoa izan dezaten. Horrez gain, ikasketa zentroen eta lantokien arteko harremanak mantentzearen alde egingo du. Bestalde, ondoko ekimenetarako diru-laguntzak emango dituzte: langabezian dauden gazteek hizkuntzak ikasteko eta merkatu-nitxo berrien prestakuntzarako (energia berriztagarriei, mugikortasun jasangarriari eta ingurumen zerbitzuei lotutakoak). Era berean, lan esperientzia aintzat hartzeko prozesua indartuko da, titulurik izan ez arren.

Aipatu planaren beste oinarri bat enpresak izango dira. Enpresekin harremanak bultzatuko dira, euren beharrizanak zeintzuk diren ezagutzeko eta formazioa horretara bideratzeko.

Ekintzaileentzako Euskal Zerbitzua sortuko dute, lehiakortasunaren faktore oinarrizkoa delako. Zerbitzu honen eginkizuna izango da enpresa bat sortzeko prozesuan aholkuak ematea, autoenplegua suspertzea eta hazten dauden sektoreetan enpresa berriak sortzea. Gizarte Segurantzari ordaintzeak eragiten dituen gastuei aurre egiteko laguntzak ere aurreikusten ditu langabeziaren aurkako planak. Amaitzeko, hitzarmen honen bidez lurralde batasuna bilatu nahi dute eta horretarako EAEko 30 eskualdeetarako langabeziaren aurkako plan zehatzak garatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea