Itxi

2021/10/06

23:08

Ekonomia

Argiaren faktura

Europako Parlamentuak gasa batera erostea eskatu du, argindarraren prezioaren garestitzea gelditzeko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Europako Ganberako talde nagusiek uste dute herrialde guztien artean adostutako erantzun bateratua eman behar zaiola argindarraren prezioaren etengabeko igoerari.

  • Europako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE

    Europako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Argindarraren prezioaren igoera gelditzeko erantzun bateratua ematea eskatu dute Europako Parlamentuko talde nagusiek, eta, bide horretan, ondoko proposamenak egin dituzte: gasa Europar Batasuneko herrialde guztien artean erostea, gasa gordetzeko erreserba estrategiko bat sortzea eta argindarraren merkatuan izan daitezkeen balizko irregulartasunak ikertzea.

Europako Alderdi Popularrak adierazi du "neurri zehatzak" hartu behar direla Europa mailan, gasaren inportazioak eta, ondorioz, beste herrialde batzuekiko menpekotasuna murrizteko.

Ildo horretan, gasa Europar Batasuneko herrialde guztien artean erostea edo erreserba estrategiko bat sortzea proposatu du. Halaber, argindarraren merkatuan eragile pribatuek nahiz publikoek "manipulaziorik" egin ote duten ikertu beharra dagoela azpimarratu du.  

Sozialistak eta Demokratak taldeak Europar Batasunak herrialde guztien izenean negoziatzea eta gasa hornitzeko plataforma bat sortzea proposatu du. Gainera, merkataritza sisteman espekulazioa gelditzeko neurriak aldarrikatu ditu, eta argindarraren merkatuaren araudia aztertzea babestu du.

Europa Berritu talde liberalak bat egin du gas biltegi bat sortzeko eta gasa batera erosteko ekimenarekin.

Berdeek ohartarazi dute justizia soziala bermatu beharra dagoela trantsizio ekologikoa arrakastatsua izateko. "Europar Batasunak ezin du onartu esfortzu handiena ahulenek egin behar izatea", erantsi dute. Hala, energia berriztagarrien aldeko apustua azkartzeko eskatu dute.

Azkenik, Ezkerra taldeak salatu du energia espekulatzeko eta irabaziak lortzeko gaia bilakatu dela, "pertsona guztien ongizaterako izan beharrean". Hortaz, argindarraren prezioak mugatzea proposatu du.

Bruselak urte bukaeran aztertuko du gasaren merkatua erreformatzeko aukera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;