Ekonomia -

Itzalaldi elektrikoa

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek bat egin dute itzalaldi elektrikorako deialdiarekin

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du EH Bildu eta beste alderdi independentista batzuek egindako deialdiarekin; "kaleak argiz hustu eta zarataz betetzera" dei egin dute, "kazola-jotze" batekin herri guztietan, bihar gaueko hamarrak eta hamar eta erdiak bitartean.

Gailu elektriko baten piztu eta itzaltzeko botoia. PXhere.
Gailu elektriko baten piztu eta itzaltzeko botoia.
Gailu elektriko baten piztu eta itzaltzeko botoia. PXhere.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek bat egin dute EH Bildu, Esquerra Republicana, Junts, Mes per Mallorca, BNG, CUP eta Mes Menorca alderdiek ostiral honetarako egin duten itzalaldi elektrikorako deialdiarekin. "Herritar xumearen eta enpresa txiki eta ertainen kontura, enpresa elektrikoak egiten ari diren lapurreta" salatzeko egin dute deialdia. 

EH Bilduk ohar batean iragarri du euskal gehiengo sindikalak itzalaldia babestuko duela. "Kaleak argiz hustu eta zarataz betetzera" dei egin dute deitzaileek, "kazola-jotze" batekin herri guztietan, bihar gaueko hamarrak eta hamar eta erdiak bitartean

"Gero eta gehiago dira -dio koalizio subiranistak- #Deskonektatu elektriketatik kanpainarekin bat egiten ari diren norbanako eta kolektiboak, ozen eta argi esateko ez dutela onartuko enpresa elektriko handien inongo xantaiarik".

Era berean, EH Bilduk egindako deialdiaren arabera, ekintza honekin salatu nahi dute, halaber, "ez dugula subiranotasun energetiko nahikorik argindarraren prezioa ezartzeko", Estatu espainiarren "alderdi handiek elektriken botere- eta diru-gosea geldiarazteko ezer egiten ez duten bitartean, ahaztu gabe alderdi horietako ordezkari itzaltsuak daudela elektrika horien administrazio kontseiluetan". 

Alderdi abertzaleak nabarmendu du Kataluñako, Galiziako eta Euskal Herria "eskutik" doazela, horietan aldi berean egingo baita protesta. "Ordua da erakusteko gure herrian ez dugula onartzen gehiengoaren eskubideekin jolas dezaten, gutxi batzuek poltsikoak betetzen badituzte ere, argindarra prezio arrazoizko batean lortu ahal izatea oinarrizko eskubidea baita", esan du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Galizia Sindikatuak Elektrizitatea