Itxi

2021/10/11

12:27

Ekonomia

Sidenor

Ekoizpena geldituko du Sidenorrek 20 egunetan argindarraren prezioaren "kontrol gabeko" igoeragatik

O. P. | Eitb Media

Basauriko lantegia geldirik egongo da 20 egunetan hemendik eta Gabonak arte, elektrizitatearen prezioa "neurrigabea" delako. Geldialdia justifikatzen duen txostena eskatu dio ELAk zuzendaritzari. Bestalde, Eusko Jaurlaritza kaltetutako sektoreekin bilduko da.

1:4
Sidenorreko behargin bat lanean.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Sidenor altzairugintza enpresak Basauriko lantegiko ekoizpena geldituko du aldizka hemendik eta Gabonak arte, fabrikazio prozesuan behar duen elektrizitatearen prezioa "neurrigabea" delako; izan ere, urtebetean % 300 baino gehiago igo da argindarraren prezioa, megawatt-orduaren prezioa 60 eurotik 260ra igaro baita.

Hala eman du jakitera gaur enpresak ohar baten bidez. "Argindarraren kostua 200 euro garestitu da tonako, hau da, fabrikazio-kostua % 25 handitu da", eta horrek "galerak" eragiten dituela eta "egungo ekoizpen-erritmoari eustea ezinezko" egiten diola argitu du enpresak. Industria-erabilera anitzetarako altzairu berezi luzeak fabrikatzen lider da Sidenor Espainiako Estatuan. 

Argindarraren garestitzeari erantzunez, Sidenorreko zuzendaritzak erabaki du Basauriko lantegi nagusiaren ekoizpena 20 egunez gelditzea, hots, gaurtik abenduaren 31ra bitartean programatutako lanegunen % 30.

Horren arabera, argindarraren koste neurrigabeari eta bere prezioaren "kontrolik ezari" aurre egiten saiatzeko lehendabiziko neurria da. Hala ere, iragarri duenez, neurri horrek bakarrik "ez du sakoneko arazoa konponduko". Hori dela eta, beharrezkotzat jo du "beste neurri batzuk" hartzea elektrizitatearen prezioaren kontrol faltari erantzuteko.

Sidenorren esanetan, geldialdi horrek zuzenean eta berehala Basauriko lantegi nagusiari eragiten badio ere, "modu progresiboan" ondorioak izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko, Kantabriako eta Kataluniako fabriketan ere.

Geldialdia justifikatzen duen txostena eskatu dio langile-batzordeak zuzendaritzari

Bestalde, ELA sindikatuak jakinarazi du astelehen honetan bilera izan duela langile-batzordeak zuzendaritzarekin eta hainbat informazio emateko eskatu diotela, besteak beste: geldialdia justifikatuko lukeen txostena, produkzio eskariak, argindarraren prezioak konpainiarengan izan duen eragina eta Sindenorrek enpresa elektrikoekin duen kontratuaren xehetasunak.

Alabaina, "ez dugu erantzunik izan; arrazoia argindarraren prezioaren gorakada dela esan digute modu orokor batean", kritikatu du sindikatuak ohar batean.

ELAren esanetan, "ezinbestekoa da neurri horren arrazoiak ezagutzea". Halaber, langileen baldintzak arautzerakoan Estatuko sindikatuek enpresari "malgutasun handia" eman diotela deitoratu du.

Horrez gain, gogora ekarri du Gasteizko eta Basauriko lantegietan lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan ari direla eta ohartarazi du horrelako neurriak beharginen baldintzak murrizteko erabili izan direla.

LAB sindikatua harrituta agertu da zuzendaritzaren igarpenarekin eta iradoki du hau guztia enpresaren estrategia bat izan daitekeela "langileak erabiliz" konpainia elektrikoei edo Espainiako Gobernuari presio egiteko.

"Argiaren prezioaren fakturaren igoera etxean ordaintzen dugu beharginok eta badirudi orain enpresetako igoera ere guk ordaindu beharko dugula", ohartarazi dute LABeko iturriek.

Eusko Jaurlaritza kaltetutako sektoreekin bilduko da

Bestalde, Eusko Jaurlaritza argindarraren prezioak susperraldi ekonomikoan izan dezakeen eraginaz kezkatuta agertu da.

Horrela, bada, Energiaren Euskal Erakundearekin batera, prezioaren etengabeko gorakadari aurre egiteko neurri zehatzak bilduko dituen dokumentua prestatzen ari direla jakinarazi du.

Txostena Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari igorriko diote, eta datorren ostiralean industria sektoreko ordezkariekin bilduko da Jaurlaritza, neurri berriak azaltzeko.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;