Ekonomia -

Lan Erreformaren Legea

Sanchez, Calviño eta Diaz gaur bilduko dira elkarrizketa sozialerako jarrerak zehazteko

Moncloan bilduko dira gaur, eta bertan izango dira Ogasuneko, Gizarte Segurantzako eta Hezkuntzako ministroak ere. Bihar eragile sozialekin duten bilerarako jarrerak finkatuko dituzte. Sindikatuek espero dute formatu berriak atzerapausorik ez ekartzea negoziazioetan.

Sanchez, Calviño eta Doaz, Diputatuen Kongresuan. EFE
Sanchez, Calviño eta Doaz, Diputatuen Kongresuan.
Sanchez, Calviño eta Doaz, Diputatuen Kongresuan. EFE

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Moncloara deitu ditu gaur Nadia Calviño eta Yolanda Diaz, lehen eta bigarren presidenteordeak, bai eta Ogasuneko, Gizarte Segurantzako eta Hezkuntzako ministroak ere, Maria Jesus Montero, Jose Luis Escriva eta Pilar Alegria, hurrenez hurren. Bileraren helburua izango da bihar eragile sozialekin lan-merkatua eraldatzeko aurreikusitako bilerarako Gobernuaren jarrera zehaztea. 

Azken egunotan hautsak harrotu ditu elkarrizketa sozialaren mahaiko parte-hartzeaz Diazen eta Calviñoren artean izandako pultsuak, bai eta Sanchezek berak larunbatean egindako adierazpenek ere; izan ere, Sanchezek saihestu egin zuen 2012ko lan-erreforma indargabetzeaz hitz egitea eta gaizki egin ziren "zenbait gauza berreraiki beharra" nabarmendu zuen.

Bihar elkartuko da, asteazkenero bezala, lan-erreformarako elkarrizketa mahaia, formatu berriarekin bilduko ere. Hain zuzen ere, orain arte Enplegu Ministerioak bakarrik ordezkatzen zuen Gobernua, baina PSOEk akordioa lortu zuen Podemosekin Ogasuneko, Gizarte Segurantzako eta Hezkuntzako ministroak ere mahai horretan izan daitezen. 

Gaur arratsaldean, gainera, Joaquin Perez Rey Estatuko Enplegu idazkaria, Gonzalo Garcia Andres Ekonomia idazkaria, Israel Arroyo Gizarte Segurantza idazkaria, Maria Jose Gualda Ogasunekoa eta Clara Sanz Lanbide Heziketako idazkari nagusia bilduko dira, asteazkeneko bilera prestatzeko. Horrez gain, taldea asteazken arratsaldero bilduko da mahaiaren goizetako bilera aztertzeko eta hurrengo elkarrizketa-mahaia prestatzeko lana koordinatzeko.

Orain arte lortutakoari eustea

Diazen eta Calviñoren arteko gatazka gaindituta eta Gobernua nola koordinatuko den argituta, CCOOk eta UGTk espero dute bileraren formatu berri honek ez jartzea "hankaz gora" orain arteko negoziazioetan aurreratutako guztia, hala nola sektoreko lan-itunak enpresakoaren gainetik jartzearena, 2012ko PPren erreformak zehaztu zuenari buelta emanda.

Pedro Sanchezen asmoa da, besteak beste, behin-behinekotasun handiari aurre egitea helburu duen lan-merkatua eraldatzeko akordioak CEOEren oniritzia izatea, eta ez soilik sindikatuena.

Lan Ministerioaz gain, mahaian beste ministerio batzuk esertzea nahi zuen Patronalak, baina horrek ez du esan nahi mahaian negoziatzen ari diren neurriak babestuko dituenik; izan ere, Antonio Garamendi CEOEko presidenteak bere erakundearen askatasuna aldarrikatu zuen joan den astean, neurriak enpresen interesen aurkakoak izanez gero, itun horri ezetz esateko.

CCOOk eta UGTk zail ikusten dute, ezinezko ez esatearren, Gobernuaren, sindikatuen eta CEOEren arteko akordioa lortzea. Horien ustez, 2012ko lan-erreformak botere handia eman zien enpresei, eta ez daude prest uko egiteko.

Hala ere, Gobernuak konpromisoa hartu zuen Bruselarekin, Berreskuratze Planaren barruan, erreforma hori urtea amaitu baino lehen prest izateko, eta, beraz, aste gutxi batzuk ditu hiru aldeen arteko akordioa lortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Politika Lana Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak ‘Sumar’ alderdiaren buruzagia