Itxi

2021/11/03

17:10

Ekonomia

EAE-ko aurrekontuak

Alokairurako 1.450 etxebizitza eraikitzeko asmoa iragarri du Eusko Jaurlaritzak

AGENCIAS | EITB MEDIA

Horrez gain, 365,7 milioi euro erabiliko ditu azpiegiturak hobetzeko, garraio publikoa bultzatzeko eta AHTa eraikitzeko.

  • Iñaki Arriola sailburua Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

    Iñaki Arriola sailburua Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Iñaki Arriola Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio sailburuak datorren urtean bere departamentuak izango duen aurrekontuaren xehetasunak azaldu ditu gaur goizean Legebiltzarreko gai ekonomikoei buruzko batzordean.

Guztira, 2022rako aurrekontua 564,4 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino % 11,4 gehiago, hain zuzen ere. Garraiorako aurrekontua 365,7 milioi euroko izango da; Etxebizitzarako aurrekontua, berriz, 266,6 milioikoa izango da, Alokabide eta Visesa sozietate publikoen diru-sailak gehituta; eta Lurralde Antolaketarako 19 milioi izango dituzte.  

Arriolak jakinarazi duenez, datorren urtean alokairu sozialerako 1.450 etxebizitza eraikitzen hasiko dira eta hutsik dauden 7.600 etxebizitza eskuragarri jarriko dituzte, Bizigune programaren bidez.

Halaber, alokairua ordaintzeko laguntzak % 10ean handituko dituztela iragarri du, eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko, Gaztelagun programaren bidez hilero ematen diren laguntzak 250 eurotik 275era igoko dituztela agindu du.    

Ildo horretan, Arriolak adierazi du diru-laguntza horiek 3.500 gazterengana iristea nahi dutela.

Garraioa eta azpiegiturak

Bestalde, Euskotrenek 107,8 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Bilboko eta Gasteizko tranbietako lantaldeak trebatzeko eta Donostialdean eraikitzen ari diren metrorako lau tren-unitate erosteko erabiliko dute.

Horrez gain, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko 51,9 milioi izango dituzte. 48,2 milioi Estatuak jarri ditu eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak.  

Besteak beste, Hernani-Astigarra ibilbidea eta Atotxako eta Ezkio-Itsasoko geltokiak eraikitzeko lanak egiteko erabiliko dute aurrekontu hori.

 

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;