Ekonomia -

EAE-ko aurrekontuak

Hezkuntza Sailak 132 milioi bideratuko ditu 2022an beka, garraio eta jantoki diru-laguntzetara

Sailak prestatutako aurrekontua Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. 3.235 milioi euroko partida aurreikusi du Sailak.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 132 milioi euroko partida bideratuko du 2022an beka, garraio eta jantoki diru-laguntzetara (63,3 milioi bekatarako eta 69 milioi jantoki eta garraiorako). Eskola "inklusibo eta anitz" baten aldeko apustua berretsi du Bildarratzek. Horregatik, politiketan "apustu sendoa" izan behar dela erantsi du.

Aniztasuna eta hezkuntza beharrizan bereziak dituzten ikasleak artatzeko, espezialisten kontratazioan 44 milioi euro inbertituko ditu Sailak.

Sailak prestatutako aurrekontua arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean, aurkeztu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, sailburuordeek lagunduta. 3.235 milioi euroko partida aurreikusi du Sailak, 2021ean baino 127 milioi euro gehiago, alegia.

Hezkuntza sistemak bere osotasunean behar duen eraldaketa digitala indartzeko helburuarekin, datorren urtean ikasturte honetan egindako apustuari eutsiko diote. Ikasleentzako ordenagailuak erosteko, ikasleak trebatzeko eta ikastetxeetan proiektu berritzaileak bultzatzeko 59,4 milioi euro bideratuko dituzte.

Lanbide Heziketari dagokionez, ikasleek jasotzen duten trebakuntza hobetzeko apustuari eutsiko dio Hezkuntza Sailak, "Euskadiko enpresek bete behar dituzten beharrizanen aldaketei etengabe egokituz".

Ikasleen kopurua gora egiten ari da, eta hezkuntza prozesuak konplexuagoak dira, adibidez, goi-errendimenduko lanbide heziketa ezartzeak digitalizazio eta prozesu adimendunetan irakasleak trebatzera behartzen du. Ondorioz, helburua lortzeko aurrekontuak % 83 egingo du gora, 1,6 milioi euro inbertituz.

Azkenik, unibertsitate eta ikerketa alorrei dagokienez, Hezkuntza sailburuak Euskal Unibertsitate Ekosistema babesten jarraitzeko apustu "sendoa" berretsi du, "bikaintasuna" xede.

Unibertsitate koordinaziorako politikak 404 milioi jasoko ditu.

Pandemiari dagokionez, eskola presentzialak izatea bermatu nahi du Bildarratzek. Aldi berean, irakasleak eta hezkuntzako langileak egonkortzea defendatu du sailburuak, horregatik datorren urtean 1.000 lanpostu baino gehiago aterako dituzte lan eskaintza publikora, Radio Euskadin iragan urrian iragarri bezala. "Une honetan behin-betiko kopurua ixten ari gara gizarte eragileekin elkarlanean", jakitera eman du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza EAEko Aurrekontuak