Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Arabako enpresen erdiek uste dute arriskuan daudela
Lurraldeko enpresen %58k ohartarazi dute "murrizketa handiak" egin beharko dituztela epe laburrean.
Erredakzioa
Arabako enpresen % 48k uste dute arriskuan egon litezkeela hurrengo hilabeteetan krisiaren ondorioz eta, beraz, langileak kaleratu egin beharko dituztela epe laburrean.
Juan Ugarte eta Aitor Otaola Arabako SEA patronaleko idazkari nagusiak eta zuzendari-laguntzaileak otsaileko barometroa aurkeztu dute gaur Gasteizen. Lurraldeko 300 enpresatan elkarrizketak eginez sortu dute ikerketa.
Hori horrela, Ugartek aitortu du egoera "nabarmen okertu" dela iazko urriko barometroarekin alderatuta, eskariak eta fakturazioa %28 eta %24 jaitsi baitira, hurrenez hurren.
Horren ondorioz, enpresen ia erdiak uste du krisiak enpresaren beraren biziraupenari eragingo diola datozen hilabeteetan, eraikuntzaren eta egurraren sektoreetan bereziki.
Barometroaren arabera, enpresen % 43k uste dute langileak kaleratu beharko dituzte epe motzean, iaz baino % 12 gehiagok.
% 58k, berriz, "murrizketa gogorrak" egin behar ditu epe motzean, eta kasu horretan ere, eraikuntzaren eta egurraren sektoreak dira aurreikuspen zailenak aurkezten dituztenak.
Ugartek ohartarazi du datozen hilabeteetan hazi egingo dela langabezia-tasa. Hala ere, gaitzetsi egin du lan-erreformaren onarpena eta langabezia-tasaren gorakada lotzea, legea onartu zenetik denbora gutxiegi igaro delakoan.