Ekonomia -
Prezioen igoera 2022an
Uraren urteko faktura bataz beste 19,12 euro garestituko da Bizkaian
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi du uraren prezioa garestitu behar duela zerbitzu hori emateak sorrarazten dizkion gastuei aurre egin ahal izateko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi du 2022an uraren tarifa garestiagoa izango dela: batez besteko igoera 19,12 eurokoa izango da urtean eta 0,128 eurokoa hilean.
Zehazki, horniduragatik, saneamendu-sareagatik eta arazketagatik kobratzen dituzten tarifak igoko dituzte.
Partzuergoak batzar nagusia egin du astearte honetan, eta bilera horretan erabaki dituzte prezio berriak.
Ohar batean gogora ekarri dute tarifak "modu progresiboan" igo izan ohi dituztela, iaz izan ezik. Pandemiak eragindako salbuespen egoera dela eta, prezioak izoztea erabaki zuten orduan.
Datorren urteko igoera honela justifikatu dute: "Erakundeak egin dituen ikerketa guztiek erakutsi dute egungo prezioak mantenduz zerbitzua emategatik sortzen zaizkigun gastuen % 86 soilik ordaintzen ditugula, eta Europako zuzentarauaren arabera, uraren hornidura bermatzeko prozesu guztiak eragindako gastuen % 100a berreskuratu behar dugu".
Bestalde, Ur Partzuergoak datorren urterako aurrekontua onartu du: 199,5 milioi eurokoa izango da, 2021ean baino % 3 handiagoa, aurtengoa 192,9 milioikoa izan baita.