Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Urkullu, PPren zerga "eredu neoliberalaren" aurka
Gainera, lehendakariak azpimarratu du "zerga murrizketa orokorrak gizarte kohesioa mugatzen" duela. Iturgaizek adierazi dio euskal enpresariei "Madrilgo eredua" gustatzen zaiela.
agentziak | eitb media
Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan esan du PPren zerga "eredu neoliberalaren" aurka dagoela, eta azpimarratu du "zerga murrizketa orokorrak gizarte kohesioa mugatzen" duela.
Urkulluk erantzun horixe eman dio Carlos Iturgaiz PP+Cs-en Legebiltzarreko ordezkariak egindako galderari. Izan ere, buruzagi popularrak gaitzetsi egin du lehendakariak Madrilgo zerga estrategia "dumping fiskal"tzat hartzea.
Lehendakariak gogorarazi du euskal enpresariek Madrilgo Gobernuaren presio fiskal baxua txalotzen dutenean "interes propioak" soilik defendatzen dituztela, baina bere lana "herritar guztien" interesak babestea dela.
Urkulluk berretsi du bere helburua bizitza maila altuena lortzea dela, baina gizarte kohesionatu batean, zerga "progresibo eta orekatuarekin", politika sozialetan eta enpresen laguntzetan baliabideak eduki ahal izateko.
Politika publikoak nahikoa eta iraunkorrak izateko baliabideak pilatzea beharrezkoa dela aipatu du, eta zergen murrizketa orokor batek kohesio soziala mugatuko lukeela.
Urkulluk esan du ez duela PPren eredu "neoliberal" hori partekatzen, eta EAE Europako eredu "aurreratuenekin" lerratzen dela.
Iturgaizek, bere aldetik, esan du lehendakaria arduratzen duena dela Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak zergak eta presio fiskala murrizten diela madrildarrei krisitik irteteko.
Gaineratu du ez duela zentzurik EAEn zergak Madrilen baino altuagoak izatea eta Kontzertu Ekonomiko "ez izatea gai" aldundiekin batera zerga erreforma bat egiteko.
"Euskal herritarrei eta euskal enpresariei Madrilgo eredua gustatzen zaie", berretsi du Iturgaizek, EAEko zergak "gehiegizkoak" direla eta "zigor fiskala" ezartzen dela adierazi aurretik.