Ekonomia -
Enpleguaren IV. Kongresua
Langileak birkalifikatzen eta kalitatezko lanpostuak sortzen inbertitzeko eskatu du EBko Enplegu komisarioak
Enpleguaren IV. Kongresuan parte hartu dute Nicholas Schmit komisarioak, Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteordeak eta Idoia Mendia sailburuak, besteak beste.
AGENTZIAK | EITB Media
Langileen kualifikazioan eta kalitatezko enpleguen sorreran diru gehiago inbertitzeko eskatu die Nicholas Schmit EBko Enplegu komisarioak 27 herrialdeei. Kalitatezko enpleguaren oinarria soldata "egokia" dela azpimarratu du.
Nicholas Schmit EBko Enplegu komisarioak, Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteordeak eta Idoia Mendia sailburuak parte hartu dute, besteak beste, Gasteizen gaur egiten ari diren Enpleguaren IV. Kongresuan.
Schmitek ohartarazi duenez, prestakuntza handiko eta kualifikazio baxuko langileen arteko desberdintasunek gora egin dute. Horri gehitu behar zaio prezioek gora egin dutela eta, ondorioz, lanaldi osoko langileek ere bizitza duina izateko zailtasunak dituztela. "Hamar langiletik bat pobrezia arriskuan dago EBn", salatu du.
Komisarioak susperraldia ekonomia berreraikitzeko baliatzea eskatu die 27 herrialdeei, oinarri gisa gizarte babesa eta modernizazioa hartuta. Haren esanetan, askoz ere diru gehiago inbertitu behar da hezkuntzan, langileak birkalifikatzen eta prestakuntzan, baita azpiegitura sozialetan ere.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, salatu du polarizazio handia dagoela kualifikazio handia eta txikia dutenen artean. Hori dela eta, kualifikazio txikiena duten horien prestakuntza hobetzea eskatu du, pizgarrien eta prestakuntza planen bitartez.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuaren hitzetan, aurrerapen ekonomikoa eta gizarte kohesioa elkarri lotuta joan behar dira. Ildo horretan, Mendiak esan du administrazioek konpromisoa dutela enplegu berria pandemiaren aurretik zegoena baino hobea izatea lortzeko.
Mendiak azaldu duenez, etorkizuneko enplegua kalitatezkoa izango bada, prestakuntzan egin behar da azpimarra. Lankidetza eta gobernantza partekatua defendatu ditu herrialdearen lehiakortasuna bermatzeko; izan ere, Mendiaren arabera, gizarte kohesioa, helburu bat ez ezik, lehiakortasuna lortzeko bidean inbertsio bat ere bada.
Nadia Calviñok, bere aldetik, lan erreforma eta pentsioen erreforma izan ditu ahotan. Gizarte eragileekin harremanak onak direla esan du, eta urtea amaitu aurretik akordioa lortzeko itxaropena agertu du.
Calviñoren arabera, lan-erreformaren helburua prekarietatea desagerraraztea eta enpleguaren kalitatea eta enpresen lehiakortasuna hobetzea da.
Pentsioen erreformari dagokionez, ostera, gizarte eragileek Espainiako Gobernuaren proposamena babestea espero du; izan ere, helburua da pentsioen sistema "epe ertain eta luzera indartsua" izatea, baina baita "ahalik eta progresiboena eta bidezkoena" izatea ere.