Itxi

2021/11/25

16:12

Ekonomia

ELA

Mitxel Lakuntza aukeratu dute berriro ELAko idazkari nagusi, ordezkarien % 90aren babesarekin

O.P. | Eitb Media

Ordezkariek aho batez onartu dute sindikatuak datozen lau urtetan jarraituko dituen ildo estrategikoen ponentzia. ELAk, lehen aldiz, Batzorde Eragile parekidea izango du, gainera.

  • Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusi izendatu berritan.

    Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusi izendatu berritan. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Mitxel Lakuntza aukeratu dute berriro ELAko idazkari nagusi, botoen % 90,69arekin. Lakuntza buru duen Batzorde Eragilearena zen Bilboko Euskalduna Jauregian asteazken eta ostegunean egin den 15. Kongresura aurkezten zen  zerrenda bakarra. 

Bozketan, aldeko 624 boto jaso ditu (boto guztien % 90,69), 42 kontra (% 6,10). 17 boto txuri izan dira eta bost baliogabeak. Gainera, bertan bildutako ordezkariek aho batez onartu dute sindikatuak datozen lau urtetan jarraituko dituen ildo estrategikoen ponentzia. 

Hautatutako Batzorde Eragilearen berrikuntzetako bat da hiru kide berri izango dituela: Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero Berdintasun Plan Estrategikoa) eta Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gizarte Ekintza. Immigrazioa. Genero Berdintasun Politikak).

Sindikatuaren etengabeko eraberritze prozesuaren baitan, eta aukeraketa honen ondorioz, ELAk, lehen aldiz, Batzorde Eragile parekidea izango du. 

Era horretan, honakoek osatuko dute Batzordea: Mitxek Lakuntza Vicario (Idazkari Nagusia), Amaia Muñoa Capron-Manieux (Idazkari Nagusi Albokoa. Nazioartea), Amaia Aierbe Beloki (Zerbitzu Juridikoak), Xabi Anza Olarra (Formakuntza. Iparraldea) y Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gizarte Ekintza. Immigrazioa. Genero Berdintasun Politikak).

Ivan Gimenez Komunikazioaz arduratuko da; Pello Igeregi Santamaria (Negoziazio Kolektiboa. Lan Osasuna. Euskara.), Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Mikel Noval Fernandez (Gizarte politika. Azterketa Bulegoa. Ingurumena), Leire Txakartegi Iramategi (Antolakuntza), Joseba Villarreal Olaizola (Hauteskunde sindikalak. Afiliazioa. Ekintza konfederalak), eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero Berdintasun Plan Estrategikoa).

Alderdiei eskaerak

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak grebak eta mobilizazioak "konplexurik gabe" defendatzeko eskatu du, lan-hitzarmen "positiboak" lortzeko eta prekarietatearekin amaitzeko "nahitaezkoak" direlako. Halaber, konfrontazioa bere sindikatuarentzat "inoiz ez da hitz desatsegina" izango, "nor garen eta aurrean nor ditugun ohartzen eta kontzientzia hartzen laguntzen duelako".

Datozen urteetarako ELAren aukera estrategikoa sindikatua "okerren dauden pertsonen eskura" jartzea dela esan du, "prekarietatea ez baita atzeraka doan fenomenoa. Gelditzen dugunean baino ez du egiten atzera".

Sindikatuak jakitera eman duenez, ordezkari gisa akreditatutako 700 pertsona baino gehiagok ELAren 15. kongresuan aurkeztutako ebazpen bakarra onartu dute, lan-erreforma indargabetzea eskatzen duena.

Era berean, Madrilgo Diputatuen Kongresuan ordezkariak dituzten EAJri, EH Bilduri eta Unidas Podemosi abenduaren 2an Diputatuen Kongresuko Osoko Bilkurara iritsiko den pentsioen lege berriaren aurka bozkatzeko eskatu diete.

ELAren 15. Kongresuak alderdi politikoei hainbat eskaera egitea adostu du. Pentsioei dagokienez, abenduaren 2an Pentsioen Legearen proiektua atzera bota dezatela, 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak bertan behera utz ditzatela, 2021eko azaroko urte arteko KPIa 2022an igotzea bermatu eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eskatu dezatela.

Bestalde, Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei eskatu diete 2010eko, 2011ko eta 2012ko lan-erreformak bertan behera uzteko, eta lan-arloko etorkizuneko lege-dekretua baliozkotzearen aurka bozkatzeko, baldin eta "Euskal Herrian gure lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea bermatzen ez bada eta kaleratzea errazteko eta merkatzeko neurrietan atzera egiten ez bada".

Lakuntzak mobilizazioak iragarri ditu abenduaren 1etik aurrera, "dozenaka erakunde sozialen babesarekin" eta ez ditu baztertu "greba orokorra bezalako mobilizazio masiboak".

Azkenik gogorarazi du, kongresuan ELAk "aurrerapauso bat" eman duela lehen aldiz, Errepublikaren eredua defendatzeko eta hori lortzeko indarrak metatzeko. "Errepublika batean bizi nahi dugula esan dugu. Estatu propioa, emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko duena, herri honen erabateko autogobernua, Euskal Errepublika, ingurumena zainduko duena eta gizartearen gehiengoaren ongizatea bermatuko duena, politika sozialisten bitartez", esan du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;