Ekonomia -
Funtzio Publikoa
Kataluniako Gobernua 45.000 langile leku aldatzea aztertzen ari da
Halaber, funtzio publikoarentzako prestatzen ari den enplegu planak 6.800 bat bitarteko langileri soldata eta lanaldia % 15 murriztea aurreikusten du.
Erredakzioa
Kataluniako Gobernua Funtzio Publikoarentzako enplegu plana aurkeztu die sindikatuei. Bertan, besteak beste, 6.800 bitarteko langileri lanaldia eta soldata % 15 murriztea aurreikusten da, eta horrez gain, 45.000 langileri mugigarritasun geografikoa eta funtzionala ezarri diezaiekete.
Plana, 2012-2014 urteetarako dago aurreikusita, gaur aurkeztu diete CCOO, UGT eta IAC sindikatuetako ordezkariei, Funtzio Publikoaren Mahaiaren bileran, alegia.
Ordezkari sindikalek salatu dutenez, plan horrekin Rajoyren Gobernuak errege dekretu legez sektore pribaturako adostu duen lan-erreforma jarri nahi du martxan Generalitateak Kataluniako administrazio publikoan.
Xavier Casas UGTko bozeramailearen iritziz, "Generalitateak Enplegurako Erregulazio Expediente (EEE) larri bat adostu du, gehiegizkoa da eta milaka langile inolako babesik gabe uzten ditu".
Sindikatuen arabera, plan horretan jasotzen diren aldaketek 32.000 funtzionariori eta beste 10.000 langileri eragingo die.
"PPren Gobernuaren lan-erreformak eta Kataluniako Gobernuak adostu nahi dituenak helburu berdina dute: soldatak eta lan baldintzak okertzea", adierazi du Montse Ros CCOOren bozeramaileak.
Halaber, sindikatuei aurkeztutako txostenean bitarteko langileei lanaldia eta soldata % 15 murriztea aurreikusten da, hori da, hain zuzen, Kataluniako Gobernuak defizita murrizteko hartutako neurri garrantzitsuetako bat.