Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilbobuseko langile guztiek egin dute lanuztea
Egunero lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean martxoaren 29a arte.
Erredakzioa
Bilbobuseko langile guztiek lau orduko lanuztea egin dute gaur goizean, martxoaren 29a arte egunero eta txanda bakoitzean egingo dituzten launa orduko lanuzteen baitan. Bilbobus kudeatzen duen enpresa lan-hitzarmena negoziatzera esertzea da protesten helburua.
Ez da istilurik izan eta % 30eko zerbitzu-minimoak errespetatu egin dira, Pedro Angulo enpresa batzordeko presidenteak eta Veolia Bilbao Bilbobus kudeatzen duen enpresak jakitera eman dutenez.
Gaurko lanuztea 07:30etik 11:30era egin dute goizeko txandan eta arratsaldekoa 16:30etik 20:30era izango da.
Gaurkoa enpresako 700 langileek babesten dituzten protesten lehenengo jardunaldia izango da, eta berdin jarraituko dute egunero, martxoaren 29a arte.
Enpresa batzordeko presidenteak salatu duenez, enpresako zuzendaritzak ez du negoziatu nahi, eta azken bilera otsailaren 13an izan zen.
Enpresak, bere aldetik, lanuzteak bertan behera uztea exijitzen du negoziatzen hasteko.
Lanuzteak egiten ari diren bitartean, Veolia Bilbao negoziatzen ari da Pesa-Alsarekin Bilbobus haien esku uzteko aukera.