Ekonomia -
Argiaren faktura
Argindarraren prezioa jaitsi egin da eta azaroaren 1etik izandako merkeena da
% 49 jaitsi da, eta orduko megawatta (MWh) 96,08 euroan kokatu da. Argindarraren prezioa pasa den astelehenean baino % 71 merkeagoa izango da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Argindarraren prezioak behera egin du berriro ere handizkako merkatuan, % 49 hain zuzen ere, eta 96,08 euroan kokatu da orduko megawatta (MWh), atzo baino ia 95 euro gutxiago (azaroaren 1etik izan duen preziorik baxuena).
Jaitsiera horren ostean, laugarrena jarraian, argindarraren prezioa pasa den astelehenean baino % 71 merkeagoa izango da, nahiz eta ia laukoiztu egiten duen duela urtebete merkatuak ezarri zuen balioa (26,51 euro).
Horrela, elektrizitateak azaroaren 1etik (91,2 euro/MWh) izandako preziorik baxuena izango du astelehen honetan.
Ordu-tarteen arabera, gaurko gehieneko prezioa 18:00etatik 19:00etara bitartean erregistratuko da, 207,10 euro/MWh, eta gutxienekoa 2,67 euro/MWh izango da 02:00etatik 06:00etara.
Hilabete honetan, argindarraren batez besteko prezioa 251,38 euro/MWh-koa da, azaroan izandako batez bestekoa baino % 30 handiagoa (193,43 euro/MWh), eta urrian baino % 26 garestiagoa (200,06 euro/MWh).
Abenduko egungo balioei eutsiz gero, 2021eko batez besteko prezioa 110 euro/MWh-tik gorakoa izango da, iazkoaren hirukoitza baino handiagoa, azken 17 urteetako merkeena, pandemiak eragindako eskariaren beherakadari eta prezioei esker.