Ekonomia -

Pobrezia energetikoa

Eusko Jaurlaritzak gizarte-laguntzak egokitu ditu gasaren eta elektrizitatearen prezioen igoerara

Gainera, bikoiztu egin du Gurutze Gorriari sistematik kanpo geratzen diren familia ahulen energia-pobretasuna arintzeko egindako esleipena.

Elektrizitate-dorreak. Irudia: EFE
Elektrizitate-dorreak
Elektrizitate-dorreak. Irudia: EFE

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak pobrezia energetikoari aurre egiteko tresnak indartuko ditu 2022an. Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) bidez egingo du, zenbatekoak prezio berrietara egokituz, baita Gurutze Gorriaren bidez ere. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuen erakunde horrekin 2015ean, argindarraren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzen laguntzeko zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta gizarte-larrialdietarako laguntzen edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) onuradun ez diren familiei.

2022an, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak 41,5 milioi euro bideratuko ditu GLLetara eta 800.000 euro gehiago Gurutze Gorriarekin sinatutako hitzarmena finantzatzeko. Elektrizitatearen, gasaren eta etxean erabiltzeko beste erregai batzuen prezioek gora egin dutenez, Gurutze Gorriaren esleipena bikoiztu egin da aurten, eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan familia bakoitzak urtean gehienez jaso ditzakeen zenbatekoak aldatu egin dira: 900 eurotik 1.500 eurora.

"Prezioen igoerak fakturei aurre egin ezin dieten familia gehiago egotea eragin dezake, bereziki hilabete hotz hauetan eta argi naturaleko ordu gutxiago daudenetan", adierazi du Lide Amilibia Gizarte politiketako sailburuordeak. "Neurri horien bidez, familia eta pertsona ahulenei lagundu nahi diegu, hornidura etenak izatea saihestuz", gaineratu du.

2020an 63.176 pertsonek jaso zituzten gizarte-larrialdietarako laguntzak, eta 16.180 eskaera jaso eta erantzun ziren energia-gastuei aurre egiteko: 10.821 Bizkaian, 3.815 Gipuzkoan eta 1.544 Araban.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gurutze Gorria Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak DSBE Elektrizitatea Gas naturala