Ekonomia -

UHOLDEAK

URAk 101 milioi euro inbertituko ditu uholde arriskua duten guneetan bizi den biztanleria % 40 murrizteko

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, "uholdeei aurre egiteko inbertitutako euro bakoitzeko 1,9 euroko gastua saihesten da kalteak konpontzeko".

Uholdeak Gasteizen. Irudia: Artxiboko irudia
Uholdeak Gasteizen
Uholdeak Gasteizen. Irudia: Artxiboko irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

URA Uraren Euskal Agentziak 101 milioi euro inbertituko ditu 2027ra arte uholdeak jasan ditzaketen eremuetan bizi den biztanleria (gaur egun, 250.000 pertsona inguru) % 40 murrizteko eta uholdeek eragindako kalte ekonomikoak % 38 gutxitzeko.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak astelehen honetan aurkeztu ditu prentsaurrekoan datozen urteetarako aurreikusita dauden "uholdeei aurre egiteko babes-lanak". Aurkezpenean, Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Amaia Barredo Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordea izan ditu lagun.

Agerraldian azpimarratu dutenez, Uraren Euskal Agentziak 2022-2027 aldirako ezarritako erronka uholde arriskua duten guneetan bizi den biztanleria % 40 murriztea da. "Uholdeei aurre egiteko inbertitutako euro bakoitzeko 1,9 euroko gastua saihesten da kalteak konpontzeko", nabarmendu du sailburuak.

Hori dela eta, Jaurlaritzak 101 milioi gorde ditu uholdeak saihesteko asmoz bideratuko diren 41 proiektutan erabiltzeko (10 Bizkaian, 8 Gipuzkoan eta 6 Araban), eta funtsak eskatu dizkio Next Generation programari inbertsio horiek "bizkortzeko".

Bizkaian, 48,5 milioi inbertituko dira Basaurin, Abadiñon, Busturian, Mungian, Erandion eta Enkarterriko hainbat udalerritan; Gipuzkoan, 33 milioi, Beasainen, Ordizian, Azpeitian, Tolosan, Soraluzen eta Irunen, besteak beste; eta Araban, 19,4 milioi, Gasteizen eta Laudion.

Sailburuak nabarmendu du beharrezkoa dela uholdeei aurrea hartzea, jarduerak planifikatzerakoan arrisku naturalak kontuan hartuko dituen lurralde-antolamendurako eta lurzoru-erabilerako politika baten bidez. "Ezinbestekoa da hirigintza-politika eta politika hidraulikoa bateratzea, uholde-arriskuak murrizteko eta saihesteko", argudiatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak