Ekonomia -
AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK
EAEko ekonomia % 5,3 haziko da 2022an eta % 4,5 2023an, BBVAren arabera
Aurreikuspenak betez gero, urtea amaitu baino lehen pandemiaren aurreko jarduera berreskuratuko litzateke.
EITB MEDIA
Euskal ekonomia % 5,3 haziko da aurten eta Barne Produktu Gordinaren (BPG) igoera % 4,5 ingurukoa izango 2023an, BBVAk gaur goizean aurkeztu duen txosten baten arabera. Aurreikuspen horiek betetzen badira, urtea amaitu baino lehen pandemiaren aurreko jarduera berreskuratuko litzateke.
Horrela jasotzen du Rafael Domenech BBVA Researcheko Analisi Ekonomikoko arduradunak eta Carlos Gorria BBVAren ipar eremuko zuzendariak gaur aurkeztu duten "Zertan den Euskadi" dokumentuak.
BBVA Research-en esanetan, ondasunen esportazioek, industria jarduerak, turismoak eta kontsumoak bultzatu dute euskal ekonomiaren susperraldia. % 4,7ko igoerarekin amaitu zuen 2021. urtea.
2022ko hamarkadaren hasieran, hazkundearen abiadura moteldu egin da. Txostenak hainbat faktore aipatzen ditu: omikron aldaera eta horrek kontsumoan izan duen eragina, botila lepoak eta hornidura katean izandako arazoak, eta energiaren eta lehengaien garestitzea.
Hala ere, datozen hiruhilekoei begira, BBVA Researchek euskal ekonomiaren hazkundea bizkortzea aurreikusi du, % 5,3era arte.
Bestalde, krisi aurreko afiliazio maila berreskuratu du Euskal Autonomia Erkidegoak. Bereziki, Bilbo Handian, Donostialdean eta Arabako Lautadan enpleguak izandako igoera nabarmendu du BBVAren azterketak.
EAEk % 9,8ko langabezia tasarekin amaitu zuen urtea. 2022an % 9,3ra jaistea eta 2023an, ostera, % 8,3an kokatzea aurreikusten da.