Ekonomia -

EKONOMIA ETA ENPLEGUA

Eusko Jaurlaritzak 590 milioi euro bideratuko ditu aurten enpresa txiki eta ertainei laguntzeko

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak informazio-jardunaldi telematikoak egingo ditu otsailaren 23, 24 eta 25ean enpresei laguntza-planeko 74 programen edukia azaltzeko.

2021eko ETEentzako Laguntza Planak 8.096 proiektu bultzatzea lortu zuen. Argazkia: Pixabay.
Langileen bilera enpresa txiki batean
2021eko ETEentzako Laguntza Planak 8.096 proiektu bultzatzea lortu zuen. Argazkia: Pixabay.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETE) 2022ko laguntza-plana aurkeztu du. Plan horrek 74 programa biltzen ditu eta 590 milioi euroko aurrekontua du.

Laguntzen % 70 baino gehiago I+G+B programetara (257,5 milioi euro) eta Trantsizio Energetikora (160,2 milioi euro) bideratuko dira, eta horien osagarri izango dira industriako inbertsioetarako ekarpenak (85 milioi euro), nazioartekotzerako ekarpenak (19.950.000 euro) eta landako eta itsasertzeko ekonomia eta enplegua sustatzeko ekarpenak (66.790.000 euro).

Laguntza horien funtzio nagusia "ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea da, Euskadiko enpresa-sarearen garapen inklusibo eta iraunkorra bultzatuz", sailburuak azaldu duenez. "Azken helburua eredu ekonomiko inklusibo eta iraunkorra indartzea da", gaineratu du.

Sailaren datuen arabera, iaz, Eusko Jaurlaritzaren ETEentzako Laguntza Planak 8.096 proiektu bultzatu zituen, guztira 2.059 milioi euroko inbertsioa eginez. Horien abiapuntua 68 laguntza-programa izan ziren, 430 milioi euroko inbertsioarekin.

Oraingo honetan, planak 74 laguntza-programa eta 589.629.224,04 euroko hasierako inbertsioa aurreikusten ditu. Otsailaren 23, 24 eta 25ean informazio-jardunaldi telematikoak egingo dira, enpresek programa bakoitzaren xehetasunak ezagutu eta haien beharretara hobekien egokitzen dena aurkitu ahal izateko.

Informazio jardunaldiak

Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, bere arloko zenbait zuzendarirekin batera, azalduko ditu otsailaren 23an ikerketako, berrikuntzako, transformazio digitaleko eta ekintzailetzako programak. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa Europako berrikuntza-gune bihurtzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzea tokiko industriarekin lankidetzan arituko diren nazioarteko startup-en ekosistema eragile gisa. 

Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak eta Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordeak, saileko beste arduradun batzuekin batera, aurkeztuko dituzte otsailaren 24an industria-garapenerako, nazioartekotzerako, energia-efizientziarako, energia berriztagarrietarako eta ingurumenerako laguntzak. Programa horien helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak barne-produktu gordinaren % 40ra iristea, baita enpresen nazioartekotzea COVID-19aren egungo nazioarteko testuingurura egokitzea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izan dadin lortzea ere.

Gainera, lortu nahi da berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea, hondakin gutxiago sortzea, hondakinen balorizazioa eta berrerabilera areagotzea, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezartzea eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetzea, biodibertsitatearen defentsa eta errespetu handiagoa lor dadin.

Otsailaren 25an, berriz, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak aurkeztuko ditu lehen sektorerako, elikagaien industriarako eta jasangarritasunerako laguntzak. Programa horiei esker, elikagaien ekoizpena handitu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurralde-oreka handiagoa bermatu, landako eta itsasertzeko guneetan bizi eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea eskainiz.

Jardunaldietan izena emateko, SPRIren webgunea erabil daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Kredituak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Dirulaguntzak Euskadin