Ekonomia -
Nazioarteko Diru Funtsa
Espainiak atzeraldia areagotuko du 2012an, baina 2013an hazi egingo da
Langabeziari dagokionez, Espainiak Europako tasarik altuena izaten jarraituko du. 2012an % 24,2ko tasa izatetik 2013an % 23,9ra jaitsiko da.
Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsaren azken datuen arabera, Espainia, Italiarekin batera nazioarteko ezegonkortasun finantzarioaren epizentroan dago. Espainiako ekonomiak 2012an % 1,8 atzera egingo duela iragarri du NDFk, baina 2013an tasa positiboetara bueltatuko dela aurreikusi du, % 0,1eko hazkundearekin.
Espainiaren kasuan, doitze neurriek ekonomiaren egoera ahula kontutan hartu beharko luketela esan du Nazioarteko Diru Funtsak. Horregatik, ahalegin guztiak aurrezteko jarri beharrean, hazkundea suspertzeko neurriak ere hartzeko ohartarzi dio Espainiari Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak.
Langabeziari dagokionez, Espainiak Europako tasarik altuena izaten jarraituko du. 2012an % 24,2ra iritsiko da eta 2013an pixka bat jaitsiko da kopurua, % 23,9ra.
Bestetik, Espainiako inflazioak beheranzko joerarekin jarraituko du eta 2012an % 1,9 izatetik, 2013an % 1,6ra jaitsiko da.
Nazioarteko Diru Funtsak esan du irtenbideak ez daudela soilik Gobernuen esku, eta Europako agintariei ere laguntzeko eskatu die.
Eurogunean, urtea % 0,3ko atzeraldiarekin itxiko dute, batik bat Espainiarengatik eta Italiarengatik. Hala ere, 2013an bide positiboa aurreikusten da.
Eurogunearen buruan Alemania dago. 2012an % 0,6 haziko da eta 2013an % 1,5 haztea espero da. Ondoren, Frantzia. Aurten % 0,5 haziko da eta datorren urtean % 1. Mundu mailan hazkunde txiki bat egongo da, AEBei esker
Mundu mailako ekonomia hazi egin da urtarrilaz geroztik, batik bat AEBei eta suspertzen ari diren herrialdeei esker, besteak beste, Txinari esker.
2012an % 3,5 haziko da eta 2013an % 4,1, Nazioarteko Diru Funtsaren iragarpenen arabera.
Espainia ez da % 6ko defizitetik jaitsiko
Fiskalitateari dagokionez, NDFk aurreikusi du Espainiako defizita ez dela % 6tik jaitsiko 2012an; Mariano Rajoyren Gobernuak hitz emandako % 5,3tik oso urrun geratuko da.
2013an datua hiru hamarren jaitsiko da, % 5,7ra arte, Espainiako Gobernuak hitz emandako % 3tik gora.
Ogasuna: 'NDFk ez du beti bere aurreikuspenetan asmatu'
Marta Fernandez Curras Estatuko Aurrekontuetako idazkariaren hitzetan, Nazioarteko Diru Funtsak ez du beti bere aurreikuspetan asmatu, eta azpimarratu duenez, analista pribatu askok % 1,3 eta % 2,3 artean kokatzen dute Espainiaren beherapena, 2012an; Gobernuak, ordea, % 1,7an kokatu du.
Estatuko idazkariaren esanetan, zenbait adituk ez dute hornitzaileei egindako ordainketa kontuan hartu, eta horrek "garrantzi handia" dauka.
Era berean, Gobernuak aurrekontuak betetzeko ahal duen guztia egingo duela esan du; izan ere, Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko presidenteak zalantzan jarri du Gobernuak aurrekontuak betetzeko gai izango denik.