Ekonomia -
UKRAINAKO GERRA
Espainiak EBko gas likidotuaren herena pilatzen du, baina zail du Europa hornitzea, konexio faltagatik
Espainia izan liteke, bai birgasifikatzeko eta biltegiratzeko duen ahalmenagatik, bai Aljeriarekin duen loturagatik, Europako erdialdea gas errusiarrez hornitzearen ordezko bide bat. Bahía Bizkaia Gas Estatuko sektorean erreferente den gas natural likidotua birgasifikatzeko instalazioetako bat da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainia da Europan gasa biltegiratzeko eta birgasifikatzeko ahalmen handiena duen herrialdea, guztizkoaren herena, nahiz eta Europarekin hodi bidezko konexio nahikorik ez izateak kontinentea hornitzeko alternatiba izateko aukerak mugatzen dituen.
Espainiak gas natural likidotua biltegiratzeko gaitasunaren heren bat baino gehiago (% 35) du Europar Batasunean eta Erresuma Batuan, Gas Infrastructure Europe gas-azpiegituretako operadore europarren elkartearen datuen arabera. 26 herrialdetako 67 konpainiak osatzen dute, Erresuma Batua barne.
Bahía Bizkaia Gas, Bilbon, Estatuko gas-sektorean erreferente den gas natural likidotua birgasifikatzeko instalazioetako bat da.
Espainiaren atzetik, Erresuma Batua (% 22), Frantzia (% 14), Belgika (% 6) eta Italia (% 5) daude.
Espainia ere buru da birgasifikazio-gaitasunean, likido-egoeran dauden metano-ontzietan garraiatutako gas natural likidoa iristen den instalazio batzuetan egiten den prozesua.
Bilboko portuan dagoen gas natural likidotua birgasifikatzeko plantak 58 ontzi jaso zituen 2020an.
Gas likidoa zero azpitik 160 gradutan garraiatzen da itsasontzian, instalazioetara deskargatzen da eta prozesu baten bidez tenperatura igotzen da gas-egoerara igaro dadin, ondoren gasbideetan injektatu ahal izateko eta garraiatzeko.
Zehazki, Espainiak EBren birgasifikazio-ahalmen guztiaren % 27 dauka, eta Erresuma Batua da ahalmen handiena duen bigarren herrialdea (% 22). Frantziak % 17 du, Belgikak % 8 eta Italiak % 7.
Birgasifikatzeko eta biltegiratzeko ahalmen handi horri esker, Espainiak lasaiago egin diezaioke aurre, hornidura asetzeko premiei dagokienez behintzat, Errusiak Ukraina inbaditu izanak eragindako egungo krisiari.
Beste bidea Medgaz gasbidea da, Aljeriak zuzenean Penintsulara gasa bidaltzeko erabiltzen duena. Zabaltze hori erabat operatibo egotear dago.
Bahía Bizkaia Gas instalazioa Zierbenako udalerrian Enagasek eta Euskal Energiaren Erakundeak kudeatzen duten gas naturala biltegiratzeko eta birgasifikatzeko zentrala da.
Mapa honetan ikus daitekeenez, Zierbenakoa (Bizkaia) Espainian deskarga gehien jasotzen dituen planta da, eta gas-ontzi gehienak Errusiatik etortzen dira bertara.
Espainiako gas-sistemaren kudeatzaileak, Enagasek, lau birgasifikazio-planta ditu: Bartzelonan, Cartagenan (Murtzia), Huelvan eta Gijonen (martxan jartzeko behin betiko baimenen zain dago), eta Bahia Bizkaia Gas konpainiaren % 50 izateaz gainera, Saggaseko terminalaren % 72,5 dauka, Sagunton (Valentzia). Halaber, Reganosa konpainiak ere Mugardoseko GNL terminala operatzen du Ferrolen (Coruña).
Horrela, Espainia, bai birgasifikatzeko eta biltegiratzeko duen ahalmenagatik, bai Aljeriarekin duen loturagatik, Europako erdialdea gasez hornitzeko beste bide bat izan liteke. Hala ere, badago botila-lepo bat: Pirinioetatik haratago ez du loturarik Europako gas-sistema zentralarekin.