Ekonomia -
Epaiketa Donostian
Jose Maria Bravok 160.000 euro lortzen zituen urtero, diru beltzean
Hala onartu du joan den astelehenean Gipuzkoako Auzitegian hasi zen epaiketaren hirugarren saioan.
Erredakzioa
Jose Maria Bravok onartu du Irungo Ogasunetik kanpoko jardueratan 160.000 euro inguru eskuratzen zituela, diru beltzean. Hala adierazi du Irungo Ogasunean ustez egindako iruzurraren kasuari buruzko epaiketaren hirugarren saioan. Bravoren emaztea, Rosa Cobos, y bere bazkidea, Pedro Atristain, ere auzipetuta daude.
Javier Larraya fiskalaren galdeketarekin hasi da gaurko saioa. Ustez, hainbat zergadunek dirua ematen zioten Bravori, Ogasunarekin zuten zorra kitatzeko, eta horren inguruan galdetu dio. Antza, zenbateko hori dirutan, txeketan edo zor-agirietan jasotzen zuen. Bravok atzo azaldu zuenez, Ogasunean zuen kargutik kanpo beste diru-sarrera batzuk izan zituen, baina banketxeko bere kontuan txekeen bidez jasotako dirua bakarrik sartzen zuen, "arreta ez deitzeko". Horrenbestez, zergadunek emandako txekeak eta zor-agiriak bere kontuan sartzen zituen eta Ogasunarekin zituzten zorrak berak kitatzen zituen. Gaurko saioan, Bravok argitu du diru beltza higiezinen negozioetan jasotako komisioetatik jasotzen zuela eta urtean 160.000 euro inguru eskuratzen zituela. Diru hori erabili zuen gero Ogasunari ordainketak egiteko. "Dirua zuritzeko modu horrek arazorik ez zuela emango pentsatu nuen, inozoki", nabarmendu du. Epaiketak aurrera jarraitzen du. Fiskalaren ostean, akusazio partikularrak (Gipuzkoako Batzar Nagusia eta Gipuzkoako Diputazioa) eta defentsaren hiru abokatuek galdekatuko dute Bravo.