Ekonomia -

LEHEN SEKTOREA

Jaurlaritzak behatoki bat sortuko du elikagaietako ekoizpen kostuak bermatzen direla zaintzeko

Bestalde, Gobernuak diru-laguntza bizkorrak ematea aztertuko du, lehen sektoreari laguntzeko.

Tapia sailburuaren eta lehen sektoreko ordezkarien arteko bilera. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Tapia sailburuaren eta lehen sektoreko ordezkarien arteko bilera. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Lehen sektoreak laguntza eskatu dio Tapia sailburuari, lana modu duinean aurrera atera ahal izateko

1:25

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Kateko Behatokia sortuko du, elikagaien ekoizpen kostu minimoak ezarri eta prezio "egokiak" bermatu ahal izateko.

Gasteizko Gobernuak "erabateko konpromisoa" hartu du EAEko lehen sektorea defendatzeko eta babesteko, Ukrainako krisiaren ondorio negatiboen aurrean, eta konpromisoa hartu du "minimis (Europako Batzordeari eman behar ez zaizkion zenbateko txikiko dirulaguntzak) izeneko finantza-neurriren bat martxan jartzeko egoera hori jasateko".

Gainera, pandemian egin zuen bezala, kontingentzia-jarduerak ezartzeko prest agertu da, eta, halaber, Europar Batasunak baimendutako legezko jarduera-esparruan gaitu daitezkeen baliabide berriak aktibatuko dituela baieztatu du.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basogintza sektoreetako eragileekin bildu da, Ukrainako gerrak nekazaritzako lehengaien, erregaien eta ongarrien prezioen gorakadak bere jardueran izan duen eraginaren nondik norakoak ezagutzeko eta sektorearen iritziak eta eskaerak arratsaldean Madrilen egingo den Nekazaritzako Konferentzia Sektorialera eramateko.

Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz, besteak beste nekazaritzako lehengaien, erregaien eta ongarrien prezioak igo egin dira. Horren ondorioz, Euskadiko lehen sektorearen egoera okertu egin da, urte zailak igaro ostean eta covidak eragindako krisitik oraindik suspertu ezinik dabilela.

Bileran parte hartu duten erakundeek (Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako kofradiak, OPPAO, ANABAK, kontserbagileak, ENHE Bizkaia eta Gipuzkoa, ENBA Bizkaia eta Gipuzkoa, Uaga, Konfecoop, Euskadiko Egurraren Elkartea eta Euskadiko Pentsuen Fabrikatzaile Elkartea) adierazi dute ziur daudela gatazkak lehen mailako ekoizpenerako funtsezko elementuen hornidurarik ezaren arazo handiak sortuko dituela, eta, halaber, lehengai horien eta energiaren prezioak igo egingo direla, sektorea azken hilabeteetan jasaten ari zen egoera are gehiago zailduz.

Erakundeen iritziz, faktore horiek guztiek "ekaitz perfektua" sortu dute nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearentzat, nola pentsuen hornidurarik ezagatik, hala kasurik onenean ondasunak izugarri garestitzeagatik; prezioen igoera hori, gainera, 2021ean izandako garestitze handiei gehitu behar zaie. Euskadiko Nekazaritza Kooperatiben Konfederazioaren datuen arabera, gehien kaltetutako azpisektoreak pentsu-fabrikak eta abeltzainak izango dira; izan ere, gastuak % 25-40 gehituko zaizkie, eta ezinezkoa da hazkuntza horiek kontsumitzaileei jasanaraztea.

Arrantza-sektoreari dagokionez, izoztaile handien ordezkariek eta freskotarako alturako eta baxurako arrantzako ordezkariek adierazi dute puntu kritiko garrantzitsuena ontzientzat gasolioaren prezioa etengabe igotzeak eragindako egoera jasanezina dela; izan ere, elementu horrek neurri handian eragiten die ustiapenaren kostu finkoei. Gasolioaren kostua kostu guztien % 25 izatetik, litroko 0,40 euroko prezioarekin, % 60tik gora izatera igaro da, litroko 1 euroko prezioarekin.

Sektorearen laguntza-proposamenen artean, hainbat neurri daude, besteak beste: Estatuko minimis-laguntzak gehitzeko eskatzea, kuoten urtetik urterako malgutasuna areagotzea pandemian egin zen moduan, portuko tasak arintzea, arrantza-jarduerak aldi baterako ixteko laguntzak, BEZa murriztea eta Gizarte Segurantzaren arloko kargak salbuestea edo hobariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza Nekazaritza Dirulaguntzak Errusia-Ukraina gerra