Ekonomia -

Ukrainako gerra

Inportazioen % 6,5 Errusiatik iritsi ziren Euskadira 2021ean

Errusiara egindako esportazioei dagokienez, iaz soilik % 0,98 izan ziren (251,1 milioi), batez ere ibilgailuak, makineria eta kautxua. Ukrainarekin salerosketa gutxiago egin zituen EAEk, 160,2 milioiko inportazioak eta 40,6 milioiko esportazioak.

Euskadik 74.601 tona ekilore-olio inportatu zituen Ukrainatik, EAEra heltzen den % 80,9. EFE
Euskadik 74.601 tona ekilore-olio inportatu zituen Ukrainatik, EAEra heltzen den % 80,9. EFE
Euskadik 74.601 tona ekilore-olio inportatu zituen Ukrainatik, EAEra heltzen den % 80,9. EFE

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik Errusiatik 1.378,7 milioiko inportazioak egin zituen 2021ean, erosketa guztien % 6,5, Eustatek ostegun honetan jakitera eman duenez. Errusiatik ekarritako inportazioen % 85,8 petrolio-produktuak dira (gasolioa, fuel-olioa eta gas naturala). Ukrainarekin salerosketa gutxiago egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE): 160,2 milioiko inportazioak eta 40,6 milioiko esportazioak.

Dagoeneko Ukrainako gerra izaten ari den ondorioak ikusita, Euskadik Errusiarekin eta Kievekin dituen merkataritza harremanak zehaztasunez aztertu ditu txostenak.Errusiara egindako esportazioei dagokienez, iaz soilik % 0,98 izan ziren (251,1 milioi), batez ere ibilgailuak, makineria eta kautxua.

Nahiz eta Ukrainatik datozen ondasunak % 0,76 baino ez izan (% 1aren azpitik egon dira beti), ekilore-olio ukrainarrak, esaterako, pisu handia izan zuen EAEko ekonomian.

Konkretuki, Euskadik 74.601 tona ekilore-olio inportatu zituen Ukrainatik 84,5 milioi euroren truke, EAEra heltzen den ekilore-olioaren % 80,9, hain zuzen ere.

Era berean, Ukrainara egindako esportazioak oso gutxi izan ziren, % 0,16 baino ez, batez ere tornuak, ibilgailuak, nekazaritza makineria; garbitzeko, paketatzeko edo etiketatzeko makinak eta txorrotak ala antzekoak.

Saldo positiboa

Bestalde, Euskadiko transakzioen bilakaerak saldo positiboa izan du aurtengo urtarrilean (228,4 milioi). Horrela jasotzen du Eustatek argitaratu duen kanpo-merkataritzaren estatistikak.

Txostenaren arabera, esportazioek (2.241,1 milioi) % 29,9ko igoera izan zuten urtarrilean, aurreko urteko hil berarekin alderatuta, eta serie historikoko esportazio-bolumen handiena izan zuen urtarrila izan zen.

Esportazioei dagokionez, produktu energetikoen esportazioak % 131,6 hazi ziren, baina esportatutako guztiaren % 7,4 baino ez dira. Era berean, produktu ez-energetikoen esportazioek igoera nabarmena izan zuten, % 25,5ekoa.

Inportazioak (2.012,8 milioi), halaber, 2021eko urtarrilekoak baino % 47,8  gehiago izan ziren, produktu energetikoen % 62,3ko eta ez-energetikoen % 44,1eko igoeren ondorioz.

Joan den urtarrilean, batez ere Alemaniara, Frantziara, Estatu Batuetara, Herbehereetara eta Erresuma Batura esportatu du Euskadik, esportazio guztien % 53. Aldiz, herrialde hornitzaile nagusiak hauek izan dira: Alemania (286,4 milioi), Frantzia (193,8 milioi), Txina (182,6 milioi), Errusia (136,7 milioi) eta Erresuma Batua (109,2 milioi).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Euskal Autonomia Erkidegoa Errusia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Errusia-Ukraina gerra Eustaten datuak