Ekonomia -
Elektrizitatea
Espainiako Gobernuak alde batera utzi du argindarraren prezioa 180 euroan mugatzeko proposamena
Erabaki hau argindarraren prezioa 180 eurora mugatzeko proposamena iragarri eta lau egunera iritsi da. Ministerioak adierazi duenez, Europar Batasunean adostasun handiagoa lortzeko beste aukera batzuk lantzen ari dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Handizkako merkatuan argindarraren prezioari 180 euro/MWh-ko muga jartzea baztertu du Espainiako Gobernuak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioko iturriek astelehen honetan baieztatu dutenez. Erabaki hau argindarraren prezioa 180 eurora mugatzeko proposamena iragarri eta lau egunera iritsi da.
Ministeriotik zabaldu dutenaren arabera, Europar Batasunaren eremuan adostasun handiagoa lortzeko beste aukera batzuk lantzen ari dira duela egun batzuetatik. Hala ere, ez dute zehaztu beste aukera horiek zeintzuk diren.
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak eta João Matos Fernandes Ingurumen eta Ekintza Klimatikoko ministro portugaldarrak joan den astean aurreratu zuten 180 MWh-ko muga hori proposatuko zietela Europako gainerako kideei handizkako eguneroko merkatuan, elektrizitatearen garestitzeak enpresetan eta familietan duen eragina murrizteko.
Gehienezko prezio hori aspaldi arautu zuten Espainiak eta Portugalek, baina 2019an Europak galarazi egin zuen argindar enpresen eskaintzak mugatzea.