Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
PP aurrera doa, bakarrik, 2012ko Aurrekontuak onartzeko bidean
Asteartean sei orduko saioa egin ondoren, 09:00etan hasiko da eztabaidako bigarren jardunaldia.
Erredakzioa
Gobernuak defizitari aurre egiteko eta konfiantza berreskuratzeko, aurrekontu "zorrotzak, zailak eta errealistak" defendatu ditu Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroak astearte honetan, eta talde politikoei erantzukizunez jokatzeko deialdia egin die.
Sei orduko lehen saioan, ministroak kontu berrien alde egin du. Asteazken honetan, 09:00etan, ekingo diote berriz saioari, hitza Talde Mistoak hartuta.
10 taldek aurkeztu dituzte osoko zuzenketak KongresuanAlfredo Perez Rubalcaba PSOEko agintariaren iritzian, Osasuneko murrizketak "xenofoboak, ankerrak eta eraginik gabeak" dira, eta legez kanpoko etorkinei doako laguntza ukatzea "gizarte sentikortasun falta izugarria" da.
Rubalcabak gogor kritikatu ditu Kongresuan Gobernuak Osasunean eta Hezkuntzan onartutako murrizketak. PSOEk osoko zuzenketa aurkeztu die 2012rako Aurrekontuei. "Hortik zabaltzen ari den ideia gaizto bati bidea eman diote: etorkinek erabili bai baina gehiegi erabiltzen dituztela osasun zerbitzuak. Eta hori, gezurra izateaz gain, xenofoboa da", azpimarratu du.
Rubalcabaren hitzetan, Osasunean murrizketak egitea "ankerra" da, laguntzarik gabe utziko dituelako gaixo dauden pertsonak, eta "eraginik gabekoa" izango da, "gripearen kontrako tratamenduak azkenean larrialdi zerbitzuetan bideratu beharko dituztelako".
Rubalcabak, halaber, sendagaien koordainketa eta pentsiodunek errezeten zati bat ordaindu behar izatea salatu du. Ildo horretan, Mariano Rajoyri bere inbestidura ekitaldiko diskurtsoan egia ezkutatu izana egotzi dio, "pentsiodunei alde batetik emango dietena (erretiro-pentsioak handituta) bestetik kenduko dietelako (PFEZa igota eta sendagaiak ordaintzera behartuta)".Rubalcabak aurrezteko bide gehiago daudela esan du, zerga bidezkoa adibidez. Ildo horretan, Gobernuak "oinarrizko osasun sarean ezarrita zegoen adostasuna" hautsi duela adierazi du.
Cayo Lara IUko koordinatzaile orokorrak ''merkatuen konfiantza berreskuratzeko gaitasunik ez duten murrizketak'' egiten jarraitzea egotzi dio Gobernuari, eta neurriokin herritarren konfiantza galtzen ari direla esan dio.Rosa Diez UpyDko bozeramaileak, berriz, estrategia argia ez izatea egotzi dio Rajoyren exekutiboari. Lidergorik ez izatea leporatu die, baita neurriak azaltzeko gaitasun eza ere. ''Aurrekontuak arrazoi politikoengatik atzeratu izanak Espainiari egindako kaltea'' aurpegiratu die Rosa Diezek Gobernuko kideei.Josep Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramaileak, berriz, Katalunia Aurrekontuetan murrizketarik handiena jasaten duen erkidegoa dela adierazi du.Eskumenak zapaltzea leporatu dio EAJk Rajoyri
Astearte honetan Kongresuan egin duten saioan, Montorok esan du Gobernuaren neurriek ez dituztela eskumenak zapaltzen, eta ez dutela hori egiteko asmorik. Horrela erantzun dio ministroak Pedro Aspiazu EAJko diputatuak egindako salaketari. Azpiazuk ''norberarenak ez diren kontuetan sartzea'' egotzi dio Gobernuari, ''ikastetxeetako gelen berrantolaketarekin eta koordainketarekin, adibidez''. Aspiazuren ustez, Gobernuaren Aurrekontu Orokorrek ez dute egoera ekonomikoa hobetuko eta ez dituzte errekuperazioaren oinarriak ezarriko. Kontrara, krisia handitu egingo dute, epe laburrean. EAJk gaineratu du laguntzeko prest direla, ''Gobernuak sen ona berreskuratzen baldin badu''.Asteazkenean ekingo diote berriz zuzenketen eztabaidari
09:00etan abiatuko dute 2012rako Gobernuak egindako aurrekontuei taldeek aurkeztutako zuzenketen eztabaidaren bigarren saioa. Talde Mistoak ekingo dio jardunari. Amaiur izango da lehena (Rafael Larreinaren hitzaldiarekin), eta jarraian ERC, BNG, CC-NC eta Compromís arituko dira. Foro Asturias, UPN eta Geroa Bai alderdiek itxiko dute blokea. Cristobal Montoro ministroaren erantzunaren ondoren egingo dute zuzenketen bozketa.