Ekonomia -

GARRAIOLARIEN GREBA

Erregai litroko 20 zentimoko beherapena aplikatzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta garraiolariek

14 orduko bileraren ostean, akordioa lortu dute Espainiako Gobernuak eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalak. Dena den, greba deitu duen Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak ez du bileran parte hartu.

Garraiolarien eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera. Argazkia: EFE
Garraiolarien eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera
Garraiolarien eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionala ados jarri dira, bart, ia 14 ordu iraun duen bileraren ondoren. Besteak beste, erregai litroko 20 zentimoko beherapena aplikatzea hitzartu dute. Estatuak 15 zentimo ordainduko ditu, eta petrolio enpresek, 5. Ekainaren 30era arte izango da neurria indarrean, baina hortik aurrera ere luzatu ahalko da.

Garraio Ministerioak iragarri du akordioa, ia 14 orduko bileraren ondoren. Adostasuna lortu ondotik, garraiolariek deitutako greba bertan behera uztea espero dute bi aldeek. 

Dena den, greba deitu duen Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak ez du bileran parte hartu, eta, beraz, ikusteko dago zer erabakitzen duen. Batzarraren atarian, greba bertan behera uztea "guztiz" baztertu du Plataformak, gertatzen zena gertatzen zela. Hain zuzen ere, gaur protesta ekitaldia deitu dute, 10:00etan, Madrilen, Garraio Ministerioaren aurrean. Hiru sindikatuak eta Nafarroako Garraiolarien Elkarteak (Tradisna) parte hartuko dute.

Adostutako dokumentuaren arabera, Espainiako Gobernuak 1.050 milioi eurotik gorako laguntzak emango dizkio sektoreari. Zehazki, 600 milioi euro jarriko ditu erregai litroko 15 zentimoko hobaria ordaintzeko (beste bost zentimo petrolio enpresek jarriko dituzte).

Espainiako Gobernuak egindako kalkuluen arabera, gasolioa erabiltzen duen kamioi bakoitzak hilean 700 euro aurreztuko ditu.

Bestalde, 450 milioi euroko laguntza zuzenak emango dizkio Espainiako Gobernuak garraio sektoreari, honela banatuta: 1.250 euro kamioi bakoitzeko, 950 euro autobus bakoitzeko, 500 euro furgoneta bakoitzeko eta 300 euro ibilgailu arin bakoitzeko (taxiak, gidaridun ibilgailuak eta anbulantziak).

Hala ere, enpresa bakoitzak 400.000 euro jasoko ditu gehienez.

Aipaturiko neurri guztiak martxoaren 29ko Ministroen Kontseiluan onartuko den lege-dekretua argitaratzen denean sartuko dira indarrean.

Batzarraren osteko prentsaurrekoan, greba bertan behera uzteko deia egin die Raquel Sanchez Garraio ministroak garraiolariei, jada lanuzterako arrazoirik ez dagoela iritzita.

Carmelo Gonzalez Espainiako Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionaleko presidenteak, bere aldetik, ontzat eman du bart lorturikoa, ezohiko egoeran ezohiko akordioak behar direla iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Grebak gaur Lana albisteak Espainiako Gobernua bideoak KPI albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak gaur Gatazkak garraio sektorean Erregaiak