Ekonomia -

GARRAIOLARIEN GREBA

Nafarroako Garraiolarien Elkarteak greba mugagabearekin jarraitzea erabaki du

TRADISNAren iritziz, proposatu diren neurriak "ez dira nahikoa eta ez diote irtenbide errealik ematen sektoreak dituen arazoei". Halere, zatiketa nabari da Nafarroako garraiolarien artean. Hiru sindikatuak ezohiko asanblada egingo du igandean afiliatuekin, erabaki bat hartzeko.

TRADISNAko manifestazioaren burua, gaur, Iruñean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
TRADISNAko manifestazioaren burua, gaur, Iruñean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Zatiketa eta parte hartze txikia, Nafarroako Garraiolarien Elkartearen manifestazioan

1:35

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

TRADISNA Nafarroako Garraiolarien Elkarteak martxoaren 14ean hasitako greba mugagabearekin jarraitzea erabaki du gaur goizean. Izan ere, garraiolari nafarrentzat, Raquel Sanchez Espainiako Gobernuko Garraio ministroak proposatu dituen neurriak "ez dira nahikoa" eta "ez diote irtenbide errealik ematen sektoreak dituen arazoei".

Iñaki Goñi garraiolariak Euskadi Irratiari azaldu dionez, "ez da soilik erregaia. Jubilazioen gaia ere jarri genuen mahai gainean, gaixotasun laboralak... eta hartutako neurriak behin-behinekoak dira, ekainera arte bakarrik".

Arratsaldean manifestazio egin dute 17:00etan Iruñean, Baluarte Plazatik hasita, eta EHNE nekazari eta baserritar sindikatuaren babesa izan dute. "Garraiolariak ez gara ez heroiak ez gaizkileak. Konponbideak orain!" lelopean egin den protestan, Espainiako Garraio ministroaren dimisioa eskatu dute.

Halere, manifestazioan espero baino parte-hartze txikiagoa izan da, 300 bat lagunek hartu dute parte (garraiolarien senideak barne) eta horrek agerian utziko luke zatiketa dagoela Nafarroako garraiolarien artean. Ikusteke dago datozen egunetan batzarra egiten duten ala ez eta, egingo balitz, zer erabakitzen duten.  

Ildefonso Gamez Nafarroako garraiolarien elkarteko presidenteak berretsi du ezin dela kostuen azpitik lan egin: "Eskatzen dena da gutxieneko klausula bat egotea, hortik behera inork lan egin ez dezan". "Bazkideek eskatuz gero" asanblada bat egin dezaketela ere esan du Gamezekn, eta han lanuztearekin ez jarraitzea erabakiko balitz, "lanean hasiko ginateke", Plataformak "deskonbokatu edo ez".

Alberto Latorre elkarteko gerenteak aitortu du "zerbait gehiago" espero zutela Espainiako Gobernuaren aldetik. "Ez da espero zena etorri. Gai asko daude, ez da soilik gasolioarengatik eskaintzen den kopurua, ez da akordiorik izan dirua galduz lan egiteari buruz, ezta beste gai sozial batzuei buruz ere, 60 urterekin erretiro aurreratua hartzeari dagokionez, adibidez".

800 bazkide inguru ditu TRADISNAk(600 autonomo eta 200 enpresa txiki), eta "gure bazkideen artean denetarik dago, grebarekin bat egin dutenak eta egin ez dutenak", esan du gerenteak.

Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataformak grebari eustea erabaki zuen ostiralean

Atzo, Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataformak, autonomo eta pymez osatutako eta geldialdi honen bultzatzaile den plataformak, grebari eustea erabaki zuen Sanchez Garraio ministroarekin bildu ondoren. Ordu batzuk lehenago, Espainiako Gobernuak akordioa itxi zuen Errepide Garraioko Batzorde Nazionalarekin.

"Zoritxarrez, lanuztearekin jarraituko dugu", adierazi zuen Manuel Hernandez Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataformako presidenteak arratsaldeko bileratik irtetean. Hernandezek azaldu zuen plataforma prest legokeela greba bertan behera uzteko Espainiako Gobernuak garraiolariei bermatuko balie "lan egitea kostatzen zaiena ordainduko dietela". Hernandezen hitzetan, ministroak esan zien datozen hilabeteetan "lege zirriborro" baten bidez bermatuko dutela garraiolariek gastuen gainetik kobratzea baina ordura arte ezin dutela neurririk hartu. Hala, grebarekin aurrera jarraitzea erabaki dute garraiolariek

Euskal Autonomia Erkidegoan, Hiru Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuak ezohiko batzar orokorrera deitu ditu afiliatuak igande honetan, garraioaren grebarekin jarraituko duten ala ez erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Grebak Lana Espainiako Gobernua KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Lan gatazkak Merkantzia-garraioari buruzko albisteak Gasolinaren prezioa