Ekonomia -
Protesta
Bertan behera utzi dute Bilboko Portuko garraio greba
Bilboko Portuak ohiko jarduera berreskuratuko du 22 egun eta erdiko geldialdiaren ondoren, Bilboko portuan edukiontzietan aritzen diren enpresek eta autonomoek akordioa lortu baitute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilboko Portuan lan egiten duten garraiolari autonomoen greba bertan behera geratu da astearte honetako arratsaldeko lehen orduetan, kamioilariek eta azpikontratatzen dituzten enpresek akordioa lortu ostean.
Astelehen honetan kamioilari autonomoen lanuzte mugagabearen laugarren astea hastear zenean iritsi da akordioa. Euskadin, Hiru sindikatuak bat egin zuen Errepideko Garraioaren Sektorearen Defentsarako Plataformak bultzatutako grebarekin, baina joan den astean eman zion amaiera hark grebari.
"Ezin zen lanuztea denboran luzatu, Espainiako gainerako portuetan lanean ari zirenez, orain Bilbokoari kalte egiten geniolako", azaldu diote EFEri garraioko grebalarien iturriek.
Horrela, astearte honetako eguerditik aurrera, kamioi ugari pilatzen hasi dira portuaren sarreran instalazioetara sartu eta karga jasotzeko, eta espero da arratsaldean berriro lanean hasiko direla edukiontziak kargatzen dituzten garraiolari guztiak. Horrenbestez, Bilboko Portuak ohiko jarduera berreskuratuko du 22 egun eta erdiko erabateko geldialdiaren ondoren.
Lanuztearen deialdia bertan behera uztea ahalbidetu duen akordioaren nondik norakoak zabaldu ez badira ere, enpresa kontratistak prest agertu ziren tarifak % 12 igotzeko, gasolioaren kostua hilero berrikusteko eta KPIaren arabera urtero eguneratzeko.
700 kamioi inguru aritzen dira Bilboko Portuan edukiontzi bidezko zama-garraioan, jarduera horretan diharduten 33 enpresek kontratatuta. Halaber, beste 150-200 karga orokorra eta produktu siderurgikoak garraiatzen aritzen dira.
Azken horiek apirilaren 1ean itzuli ziren lanera, azpikontratatzen dituzten enpresekin akordioa lortu eta gero.
Lanuzteak iraun duen bitartean, Bilboko Portura itsasontziz iristen diren edukiontzien % 25 trenbidez eraman dituzte beren helmugetara.