Ekonomia -
INEren datuak
Espainiako ekonomiak % 0,3 egin du behera eta atzeraldian sartu da
Bi hiruhilekotan jarraian egin du behera BPGk. Nafarroako ekonomia ere atzeraldian sartu da % 0,7ko beherakadarekin.
Erredakzioa
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) baieztatu duenez, Espainiako ekonomia atzeraldian sartu da. Barne Produktu Gordinak % 0,3 egin du behera eta bigarren hiruhilekoa da jarraian behera egiten duela.
INEk jakinarazitako datua, hala ere, Espainiako Bankuak iragan astean iragarritakoa baino hamarren bat txikiagoa da.
Urte arteko datuari dagokionez (iazko garai bereko datuarekin alderatuta), ekonomiak % 0,4 egin du behera.
Espainiako barne eskaria nabarmen murriztu delako egin omen du atzera ekonomiak. Hala ere, esportazioen gorakadak arindu egin du datu txarra.
INEk datorren maiatzaren 17an emango du BPGren behin betiko datua.
Nafarroa ere, atzeraldian
Nafarroako Barne Produktu Gordina % 0,7 murriztu zen 2012ko lehenengo hiruhilekoan, eta horrek agerian uzten du Nafarroa atzeraldian dagoela, bigarren aldiz egin baitu behera jarraian.
Horixe jakinarazi du Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun sailburuak prentsaurreko batean. Datua "oso txarra" dela aitortu du Mirandak, izan ere, Estatuko batez bestekoa (% 0,3) baino gehiago uzkurtu da Foru Erkidegoko ekonomia.