Ekonomia -

Erregaiak

Gasolinak eta gasolioak historiako Aste Santurik garestiena izango dute nahiz eta beherapena aplikatu

Erregaien prezioek markak hausten jarraitzen dute, nahiz eta duela astebete indarrean sartu zen beherapenak kontsumitzaileei arnas pixka bat hartzeko aukera eman.

Gasolindegi bat. Argazkia: EFE
Gasolindegi bat. Argazkia: EFE
Gasolindegi bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasolinak eta gasolioak historiako preziorik altuenak izango dituzte Aste Santuan, nahiz eta Espainiako Gobernuak litroko 20 zentimoko beherapena ezarri. Hala ere, bi erregaiek 2012ko errekorren gainetik jarraitzen dute.

Aste Santuko irteera operazioaren hasieran, erregaien prezioek markak hausten jarraitzen dute, nahiz eta duela astebete indarrean sartu zen beherapenak kontsumitzaileei arnas pixka bat hartzeko aukera eman. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak 14,6 milioi joan-etorri espero ditu apirilaren 18ra arte.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioko datuen arabera, behin beherapena aplikatuta, gasolinak batez beste litroko 1,584 euro balio ditu, eta gasolioak 1,605 euro.

Espainiako Estatu osoko ia 11.000 gasolindegitako prezioak biltzen ditu atariak denbora errealean. Aste Santu batean historiako preziorik garestienak dituzte gasolinak zein gasolioak, 2012an jasotakoen gainetik. Orduan gasolinak 1,475 euroko salneurria zuen, eta gasolioak 1,372 euroko prezioa.

Hala ere, erregaien prezioari Espainiako Gobernuak onartutako beherapena aplikatuko ez balitzaio, gasolinak batez beste 1,784 euroko prezioa harrapatuko luke, eta gasolioak 1,805 eurokoa.

Zentzu horretan, hobariari esker 55 litroko depositu bat gasolinarekin betetzeko 87 euro ordaindu beharko dira irteera operazioaren lehen fasean, gaurtik igandera bitartean. Gasolioarekin betetzeko, aldiz, 88 euro pagatuko dira. Gauzak horrela, litroko 20 zentimoko beherapenik gabe baino ia 11 euro gutxiago beharrezkoak dira depositua gasolinarekin zein gasolioarekin betetzeko.

2019, 2020 eta 2021an baino garestiago

Nahiz eta erregaien prezioek azken hilabetean atseden txiki bat eman, urte hasieran 11 aste jarraian gora egin ondoren, aurreko urteetako salneurriak aise gainditzen dituzte.

2019an, Aste Santua hasieran, azkena pandemia baino lehen, gasolinak 1,325 euroko prezioa zuen, eta gasolioak 1,238 euroko salneurria, % 16 eta % 23 merkeago, hurrenez hurren, gaurko prezioekin alderatuta (20 zentimoko beherapena aplikatuta).

2020an, prezioek behera egin zuten, Espainian zein Europa osoan mugikortasun murrizketak eta itxialdiak indarrean zirelako. Orduan gasolinak 1,121 euroko prezioa zuen, eta gasolioak 1,038 eurokoa, hau da, aurtengo Aste Santuan baino % 29 eta % 35 merkeago, hurrenez hurren.

2021ean, gasolinak 1,31 euroko prezioa zuen, baina % 17 merkeagoa zen Aste Santuaren hasieran. Gasolioak 1,18 euroko salneurria zuen, orain baino % 26 merkeagoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aste Santua Kontsumoa Gas naturala