Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
PSEk fiskalitatearen inguruko Osoko Bilkura monografikoa proposatu du
Osoko Bilkura monografiko horretan, Pastorrek 30 neurri proposatuko dizkio Legebiltzarrari.
Erredakzioa
Fiskalitatearen etorkizunari buruzko Osoko Bilkura monografikoa egiteko eskaria aurkeztu du gaur PSEk Eusko Legebiltzarrean. Euskadi "krisi ekonomikotik" ateratzeko erreforma fiskala bultzatu nahi dute sozialistek, eta horretarako hiritarrei eta enpresei eragingo dien "fiskalitate mailakatua" proposatu egingo dutela nabarmendu du Jose Antonio Pastor bozeramaileak.
Osoko Bilkura monografiko horretan, Pastorrek 30 neurri proposatuko dizkio Legebiltzarrari. Neurri horietako batzuk Patxi Lopez lehendakariak diputatu nagusiei aurkeztutako dokumentuan agertzen zirela aurreratu du Pastorrek.
Pastorren iritziz, krisiari aurre egiteko murrizketak besterik aplikatzea ez du konponbiderik ekarriko. "Zergak igo behar dira, baina oinarrizko gizarte zerbitzuak ukitu gabe".
Ildo horretatik, akordioa adosteko deia egin die jeltzaleei eta popularrei. "Ongizate Estatuaren eusteko konpromisoa behar beharrezkoa da".
Ongizate Estatua mantentzeko "nola ordaindu" erabaki behar dutela gaineratu du sozialisten bozeramaileak: "Amnistia fiskala, koordainketa edo herritarrei zergak igotzearen bitartez egin daiteke, Rajoyk proposatu duen moduan, zerbitzu publikoetako tasak igo daitezke, Urkulluk planteatutako formula, edota sozialistek defendatuko dugun fiskalitate mailakatua aplikatu daiteke". "Lehendakariaren proposamenak ez zituztela ezagutzen esan zuten, baina gezurretan ari ziren: herritarren ordezkariak diren alderdiak gizartearen aurrean erretratatu daitezen nahi dugu".