Ekonomia -
Elkarrizketa
Azpiazu: "Inflazioa kontrolatzeko tresna garrantzitsuenak Europaren eta EBZren esku daude"
Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan duenez "orain gora doan inflazioa, behera joan eta Ukrainako gerra asko luzatzen ez bada, bigarren seihileko aurreikuspenak hobera joan" beharko lukete. Soldaten igoera zeren arabera egin adosteko akordiorako dei egin du.
O.P. | Eitb Media
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren iritziz, bigarren seihilekoan aurreikuspen ekonomikoak hobetu egingo dira: "Inflazioa behera joaten bada eta Ukrainako gerra asko luzatzen ez bada, hobetu beharko lukete". Hala esan du ETB1eko 'Egun On Euskadi' saioan gaur goizean egindako elkarrizketan.
Hazkundea aurreikusita zegoena baino % 2,2 txikiagoa izanik ere, 4,6ko hazkundea "ona" dela esan du eta kalkulua "ondo eginda" dagoela uste du, "gauden testuingurua kontutan hartuta".
Gaur jakin da EAEn % 9,5 igo direla prezioak iazko martxotik, eta horri buruz ere aritu da. Azpimarratu duenez, "ez da erraza" testuinguru aldakor batean inflazioa kontrolatzea. "Igoera horren % 70 inguru elektrizitatearen prezioak eragindakoa da, eta beste %3,3 azpiko inflazioa deritzona. Beraz, gasaren, elektrizitatearen eta lehengaien prezioak kontrolatzeko gai bagara, inflazioa ere kontrolatu ahal izango da", azaldu du.
Hala ere, argitu du horren inguruko erabakimena eta tresna garrantzitsuenak Europaren esku eta Europako Banku Zentrakaren esku daudela. "Europaren esku dago, esaterako, gasaren prezioarekin zer egin erabakitzea eta gasaren eta elektrizitatearen prezioak desakoplatzea, hori egiten bada, askoz errazagoa izango da inflazioa kontrolatzea".
Errenta-itunaz galdetuta, azaldu du eztabaidatu eta adostu egin beharko direla eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalekin, inflazioak okerrera ez joateko edo igoeraren eraginak kudeatzeko neurriak. KPIa ia % 10ean egonik, eztabaidatu beharko da zeren arabera eta noraino igo behar diren soldatak. Argitu du, KPIaren arabera igotzeak berak KPIa igotzea ekarriko lukeela, amaitzen ez den espiral bat sortuz.
Hala, Azpiazuren ustez, "soldatak azpiko inflazioaren arabera igotzeak, esaterako, zentzua izango luke". Hari horri tiraka, % 10eko igoera batean, soldatak % 3,3 igotzea % 6tik gorako galera ez ote den galdetuta, Azpiazuk esan du, "orain ahalegin bat egiten bada, gero kontutan hartu behar" dela ahalegina, "gauzak hobeto daudenean eta arazorik ez dagoenean konpentsatzeko". Proposatzen duen akordioak estatu mailakoa izan beharko luke eta etorkizunerako konpentsazio konpromisoak ere jaso beharko lituzke Azpiazuren esanetan.