Ekonomia -

erregaiak

Gasolina eta gasolioa berriz merkatu dira, Espainiako Gobernuak deskontua ezarri ostean

Elkarren segidako bigarren astez behera egin dute bi erregaien prezioek, berriki onartutako 20 zentimoko deskontua dela eta. Prezioak jaitsita ere, inoizko Aste Santurik garestiena da hau.

Gasolinaren prezioak % 1,4an eta % 2an merkatu dira, hurrenez hurren. Argazkia: EFE
Gasolinaren prezioak % 1,4an eta % 2an merkatu dira, hurrenez hurren. Argazkia: EFE
Gasolinaren prezioak % 1,4an eta % 2an merkatu dira, hurrenez hurren. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasolinaren eta gasolioaren prezioak berriro jaitsi dira elkarren segidako bigarren astez, % 1,4an eta % 2an, hain zuzen, Espainiako Gobernuak onartutako gutxieneko 20 zentimoko erregai litroko hobaria dela eta, gasolindegietan ordaintzean aplikatzen dena.

Urte hasieratik 11 astetan zehar luzatutako goranzko joeraren ostean (2012tik indarrean zeuden maximo historikoak gainditu ziren orduan) erregaiek arnasaldia eman badute ere, uneko prezioek aurreko urtetakoek baino askoz handiagoak izaten jarraitzen dute. Hala, aurtengo Aste Santua inoizko garestiena izango litzateke.

Ostegun honetan Europar Batasuneko Petrolio Aldizkariak igorritako datuen arabera (apirilaren 5etik 11rako bataz besteko prezioa jaso dute bertan, 11.400 gasolindegiako datuekin), gasolina litroaren bataz besteko prezioa 1,59 eurokoa da Espainian. Gasolioarena, berriz, 1,613 eurokoa.

Beheraldi berri honen ostean, gasolioaren prezioak hirugarren astez gainditu du gasolinarena, Aste Santu betean. Duela hiru asteko markaren azpitik dago, % 10,3an, eta gasolinarena duela hilabeteko gehienezko prezioaren % 14 azpitik dago.

Hala ere, erregaien prezioari Gobernuak onartutako deskontua aplikatu ezean, gasolinak 1,79 euroko bataz besteko prezioa joko luke, eta 1,813 eurokoa gasolioak. Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren testuinguruan onartu dituzte neurriok.

Balore horiek historiako laugarren preziorik altuena lirateke gasolinaren kasuan, eta hirugarrena gasolioari dagokionez.

Gasolinaren eta gasolioaren prezioa herritarrengan izaten ari diren eragina leuntzeko, Espainiako Gobernuak gutxieneko 20 zentimoko erregai litroko hobaria onartu du berriki kontsumitzaile guztientzat. Horien artean, Estatua arduratuko da 15 zentimoz, eta petrolio-konpainiak, 5eko gutxienekoaz.

Uneko prezioekin, 55 litroko gasolina tanga betetzeak 87 euroko prezioa du, eta 89 eurokoa, gasolioarekin. Hala, 2021 hasieran baino 22 euro gehiago ordaindu behar dira orain gasolina erabiltzekotan, eta 30 euro gehiago, gasolioa aukeratuz gero.

Bi erregaien igoerak, beraz, gasolinaren % 36ko igoera eragin du 2021eko urtarriletik, eta gasolioaren % 54ko igoera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Gasolioaren prezioa