Ekonomia -
2022ko lehen hiruhilekoa
Espainiako Gobernuak 2,7 puntu murriztu du 2022rako aurreikuspen ekonomikoa, % 4,3raino
Espainiako Estatuko ekonomia % 0,3 txikiagotu da lehenengo hiruhilekoan. Hala ere, Nafarroako Barne Produktu Gordinak % 6,5eko hazkundea izan du aldi berean, 2021eko hiruhilekoarekin alderatuta.
EITB Media
Espainiako Gobernuak bere ekonomiaren hazkundearen aurreikuspena % 4,3ra murriztu du aurten. Aurreko kalkuluetan, % 7ko igoera zuen aurreikusita, baina Ukrainako gerrak eta prezioen igoerek eragindako ziurgabetasun handiko testuinguruak aurreikuspen ekonomikoa 2,7 puntu txikiagoa izatea eragin du. Datozen urteei begira, % 3,5eko hazkundea aurreikusten du 2023an, % 2,4koa 2024an eta % 1,8koa 2025ean.
Hala aurreratu du Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministro eta presidenteordeak, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) Kontabilitate Nazionaleko datuak eman ondoren. Txosten horren arabera, urtarriletik martxora, Espainiako Estatuko ekonomiak ia bi puntu moteldu du hiruhilekoko hazkundea, % 0,3an kokatu baita; aurreko hiruhilekoan % 2,2koa zen. Kontsumoaren beherakadak eragin du atzerakada hori, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan argitaratutako Kontabilitate Nazionaleko datuen aurrerapenaren arabera.
Erakunde horrek zabaldu duenez, familien kontsumoa % 3,7 murriztu da 2022ko lehen hiruhilekoan, 2021eko azken laurdenean % 1,5 hazi pndoren. 2021eko lehen hiruhilekotik lehen aldiz izan da familia-gastuaren tasa negatiboa, eta 2020ko bigarren hiruhilekotik izan duen jaitsierarik handiena da; pandemiak eta konfinamenduak familien kontsumoa % 20,4 hondoratu zuen orduan.
Aitzitik, BPGaren urte arteko hazkundea ia puntu bat handitu da 2022ko lehen hiruhilekoan, 2021eko azken hiru hilabeteetako % 5,5etik aurtengo lehen hiru hilabeteetako % 6,4ra, kanpo-sektorearen ekarpen handiagoaren ondorioz.
Nafarroako ekonomia, gora
Nafarroako Barne Produktu Gordinak % 6,5eko hazkundea izan du 2022ko lehen hiruhilekoan, 2021eko hiruhileko beraren aldean; 2021eko azken hiruhilekoan aurreikusi zuten 2022ko lehen hiruhilekoan % 4,9koa izango zela.
Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak egindako estimazioaren aurrerapena da hori, eta hazkunde hori industrian izandako aurrerapen estimatuaren eta merkatuko zerbitzuetan eta eraikuntzan ikusitako dinamismoaren ondorio dela dio.
Eskariaren bidetik, kontsumoaren gastua arindu egin da; halere, kapital-eraketa gordinaren hazkundea eta kanpo-eskariaren ekarpen positiboa nabarmentzen dira.
Une honetan zenbatespenak egiteko dagoen zailtasuna dela eta, eta eragina behar bezala neurtzeko adierazle gehiago izan arte, Nastatek azpimarratu du kontuan hartu behar dela zenbatespen horiek behin-behinekoak direla, eta ekainaren 24an koadro makroekonomikoa argitaratzen denean berretsi edo aldatuko direla.
Hiruhileko artean, Nafarroako BPGaren aldakuntza-tasa % 1ekoa da.