Ekonomia -

LAN ISTRIPUA

Garraiolari bat hil da Hernanin, kamioi batek harrapatuta

69 urteko gizonezkoa da hildakoa. Zikuñaga paper fabrikaren atzeko aldean dagoen bidean gertatu da ezbeharra eta langilea tokian bertan hil da. Osalanek eta Lan Ikuskaritzak heriotza trafiko istriputzat jotzea onartuko ez dutela ohartarazi du LABek.

69 urteko garraiolari bat hil da Hernanin, kamioi batek harrapatuta

0:26

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

69 urteko langile bat hil da gaur goizean Hernanin izan den lan istripuan.

Hernaniko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 09:00etan gertatu da Zikuñaga paper fabrikaren atzeko aldean dagoen bidean, hain zuzen ere, kamioilariek zama hartzeko eta uzteko erabiltzen duten bidean. Antza denez, egurra kargatzeko zain zegoen langilea, beste kamioi batek harrapatu duenean; tokian bertan hil da.

Udaltzainak, ertzainak eta Osalaneko teknikariak istripua izan den tokira gerturatu dira.

Bestalde, gaur bertan jakin ahal izan denez, Ondarroan behargin bat hil da asteburuan.

LAB: "Karga eta deskarga eremuen arriskua aski ezaguna da"

Osalanek eta Lan Ikuskaritzak heriotza trafiko istriputzat jotzea onartuko ez dutela ohartarazi du LAB sindikatuak. Hildako langilearen senide, lagun eta hurbilekoei "elkartasuna" adierazi die sindikatu abertzaleak ohar batean.

"Zikuñaga enpresak jardueren koordinazioa egin beharko lukeen gune batean, beharrezko prozedurarik eta neurririk ez egotea", ezin dutela ulertu adierazi du sindikatuak.

"Karga eta deskarga eremuen arriskua aski ezaguna da", kritikatu du LABek. "Historikoki puntu beltz horiek behar bezala identifikaturik egon dira arriskuen ebaluaketetan", erantsi duenez.

Gainera, egoera horietan soilik "behargin autonomoek laneko osasun araudiaren babesa dute, konkretuki koordinazioan", gogorarazi du sindikatu abertzaleak.

Azkenik, "Zikuñaga enpresak erantzukizunak saihesteko egindako mugimenduak", salatu ditu LABek. "Estatistikak arintzeko" Osalanek eta Ikuskaritzak "ezbeharra trafiko istriputzat jotzea" ez dutela onartuko ohartarazi du LABek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gaurko albisteak Gipuzkoa Hernani bideoak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Merkantzia-garraioa